Oier Apezetxeak lehenengo txapela nahi du gaur Berria Erremonte Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Kemen Aldabe eta Oier Apezetxea material aukeraketan.

Kemen Aldaberekin batera, Julen Loitegi eta Ibon Zaldua izango dituzte aurkari, Galarretan, 17:30etatik aurrera. Ligaxkan 34-35 irabazi zuten Aldabe-Apezetxeak eta orduan bezala partidu gogorra eta parekatua espero da.

Berria Erremonte Txapelketako finala gaur jokatuko da Galarretan. Oier Apezetxea goizuetarrak bere lehenengo txapela jantzi dezake, profesional bezala hiru partidu bakarrik jokatu dituenean. Gaurkoa laugarrena izango da eta laugarren garaipena lortu nahi du, Kemen Aldaberekin batera, Julen Loitegi eta Ibon Zalduaren aurka. Finala jaialdiko bigarrena izango da eta 17:30ak aldera hastea espero da. Jaialdia 16:30etan hasiko da.

Bi bikoteek elkar ondo ezagutzen dute, partidu hau izan baitzen Apezetxearen estreinaldia profesional gisa martxoaren 12an. Orduko hartan Aldabek eta Apezetxeak irabazi zuten, 34-35. Partidu lehiatua izan zen. 

Bi bikoteek egitura antzekoa dute. Bi aurrelari erasokorrak eta pelota bizi mugitzen dutenak eta bi atzelari sendoak, akats gutxi egiten dituztenak. Ahulgune gutxi dituzte eta bikiak dirudite.

Ligaxkan partida gogorra jokatu zuten eta badakite zaila izango dela finala irabaztea. Asko izerditu beharko dute bai batzuk eta bai besteek. «Aurkari zailak izango dira». Apezetxeak gogoratzen duen bezala, «33-30 galtzen joan ondoren irabazi genien. Buelta eman genion markagailuari. Antzeko partidua bat espero dut eta uste dut denetarik izango dela, ikusteko modukoa».
Nafarrek bi aurkariak jokoarekin daudela adierazi zuten material aukeraketan. «Loitegi jokoarekin dago, sasoi betean, eta abiadura haundia ematen dio pelotari. Zalduak asko defendatzen du, biak dira defendatzaile onak».

 

«Profesional bezala orain arteko partidu zailena eta gogorrena»

Apezetxeak argi dauka bere partidurik gogorrena izango dela profesionala denetik. «Zalantzarik gabe, baina kontuan izan behar da bigarren mailako aurrelaririk onena dudala bikote. Hori bai, Loitegi etengabe hazten ari da eta Zaldua bolada onean dago».

Aurkariaren ahulezia bilatu baino gehiago, Aldabek uste du norberaren jokoa dela kontrarioak ahuleziak izatea eragiten duena. «Pelotari abiadura ematen badiozu eta tantoak ondo jokatzen badituzu, hor etortzen zaizkio zailtasunak aurkariari. Gure indarra abiadura da, baina defendatzen ere badakigu».
Finala ondo sartzea ezinbestekoa izango da Aldabe eta Apezetxearentzat. «Oso garrantzitsua. Eta ondo sakatzea. Pelota saskian ondo sartzea funtsezkoa da». Aldabek uste du ondo berotu beharko dela hasieran huts ez egiteko, «orduan egiten baitira akats gehien, giharrak ongi berotu aurretik».

Gipuzkoarrek ligaxkakoa bezalako partida gogorra espero dute. «Borrokatua eta berdindua joango da» dio Loitegi urnietarrak. «Bi bikoteak oso momentu onean iritsi gara. Gure mailarik onena emango dugula uste dut eta horrek partidu parekatua eta gogorra izatea ekarriko du», azaldu du Zaldua donostiarrak.

Bi bikoteak konpentsatuak dira eta hori badakite. «Ez dugu ahulgune argirik, beste bikote batzuetan izan zitekeen bezala. Txapelketaren hasieran Apezetxea puntu ahula izan zitekeela pentsa zitekeen, baina goizuetarrak ahuletik ezer ez duela erakutsi du. Maila ematen ari da».

Zalduak uste du partidu berdinduak detaileek erabakitzen dituztela, ligaxkan bezala. «Edonora eror daitezke eta zorte pixka bat izan behar da detaile horietan, erabakigarriak baitira».

Urdinen ustez, gakoa norberaren lanean egongo da, aurkariaren ahulezian baino gehiago. «Ez dute akats argirik bere jokoan».

 

«Gustora geratu gara aukeratutako pelotekin»

Materialarekin gustora geratu ziren bai batzuk eta bai besteak. Gorriak gustura geratu ziren, Aldaberen arabera, joskera asko nabaritzen ez den material batekin. «Hasieran hamar bereizi ditugu eta gero laurak aukeratu ditugu, bi biziak eta bi bote erdikoak». Kantxaratu ziren lehenak izan ziren Kemen Aldabe eta Oier Apezetxea.

Gorriz jokatuko dute, orain arte ez baitute partidurik galdu. Azkarrak izan ziren aukeraketan eta lau pelota bereizi zituzten, 125, 126, 127 eta 129 gramokoak. Gorriek argi zuten aurkariek antzeko materiala aukeratuko zutela, eta hala izan zen. Loitegik eta Zalduak antzeko ezaugarriak dituzten lau pelota bereizi zituzten. «Bi pelota bizi eta beste bi pisu gehiagorekin. Pelota politak dira eta gustura geratu gara», zioen Loitegik. Zalduak gaineratu zuenez, «pelotarekin eroso sentitzea da garrantzitsuena. Aukera dugunean erasotzea eta jokoaz gozatzea. Hori gakoa da».

Peloten pisuak berdinak izan ziren: 125, 126, 127 eta 129 gramo. Boloa haundiagoa dutenez, pelotek lehiakideenak baino bote handixeagokoak izan behar dute. Bi bikoteek antzeko pelotak bilatu zituzten eta ia material bera aukeratu zuten, ezugarri berdinak dituzten bikoteak baitira. Beraz, lau pelota biziagoak izango dira eta beste lauak ezberdinak jokoa aldatu ahal izateko. Finala 35era jokatuko da.

 

Barrenetxea estelarrean, Urrizaren aurka

Berria Erremonte Txapelketako partidua ez da izango gaurko partidu bakarra. Jaialdiak hiru partidu ditu iragarrita eta hirugarrengoan Barrenetxea atzelari hernaniarra ariko da. Ez da nolanahikoa izango. Estelar haundienen parekoa da. Ansa eta Barrenetxeak, Urriza eta Larrañaga izango dituzte aurrez aurre. Bi erremontistarik onenak puntako beste aurrelari eta atzelari banarekin. 40ra jokatuko da partidu hau.

Aurreko astean Urriza eta Larrañagak erraz gainditu zituzten Ezkurra II eta Azpiroz eta oraingoan bikote gogorragoa jarri diete aurrez aurre. Urriza errekuperatu zenetik, bigarren partidua izango da Barrenetxearen aurka. Orain bi aste, Aldabe eta Barrenetxeak 40-38 gainditu zituzten Urriza eta Juanenea partidu bikain batean. Maila berdina erakusten badute partidu ikaragarria izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!