'Bota bertsoa!' ekimenaren amaiera ekitaldia egingo da gaur arratsaldean, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 8a, 00:00

115 bertso jaso ditu Doberak, aurtengo edizioan.

Irabazleen artean, 23 sari banatuko dira, besteak beste, sagardotegi otorduak, sagardo kaxak, Maite Larbururen kontzerturako sarrerak...

Txotx denboraldiarekin batera, Bota bertsoa! bertso-paper lehiaketa txikia jarri zuen martxan Dobera Euskara Elkarteak. Aurtengo edizioko gaiak, jokoa emango die sagardozale eta bertsozaleei: Berriro itzuliko balitz... Horixe da edizio honetarako aukeratutakoa.

Dagoeneko, bertso guztiak bildu ditu Dobera Euskera Elkarteak, eta gaur egingo da Bota Bertsoa! ekimenaren amaiera ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan hasita, Atsegindegin.  24 sagardotegietatik jasotako bertsoen artean egin da lehiaketa, eta guztira 115 bertso jaso ditu Doberak, eta argi adierazi du urterik arrakastatsuena izan ez arren «pozik» daudela. 

Irabazleen artean, hainbat sari banatuko dira, 23 zehazki; «sagardotegi otorduak, sagardo kaxak, Maite Larbururen kontzerturako sarrerak, Bertso Txapelketa Nagusirako sarrerak eta Real Sociedad-Barcelona partidurako sarrerak. Azken hau, ekitaldia ikustera etortzen direnen artean zozketatuko dugu». 

«Tematika ugariko» bertsoak jaso dituztela nabarmendu dute Doberako langileek, eta horien arabera banatu dituzte sariak, hala nola, euskalki onena, nostalgikoena, doinu originalena... «Denetik izan dugu, baita adin guztietako bertsolariak ere». Horrez gain, epaimahaiak aipatu du aukeraketa zaila izan dela: «kalitate haundiko bertsoak jaso baititugu». 

Amaitzeko, Doberak eskerrak eman dizkie sagardotegiei egindako lanagatik, eta noski, herritarrei ekitaldira bertaratzeko gonbitea luzatu die.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!