Giro bikaina izan zen asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 6a, 00:00

Joan den asteburua borobila izan zen Urumea bailarako herritarrentzat. Makina bat ekintza kultural izan ziren Hernanin zein Astigarragan, adin-tarte guztientzat, eta ederki gozatu zuten astigartar zein hernaniar guztiek. 

Larunbatean, ospakizun berezia izan zen Hernanin. Musikak hartu zuen herria hainbat kontzerturekin eta emanaldirekin. Hain zuzen, Incansables txarangak bere 50. urteurrena ospatu zuen, eta giro ederra izan zen herrian. Gainera, arratsaldean, txistu eta harpa kontzertua izan zen Milagrosan, Goizetik Txistulari Bandak antolatuta eta, segidan, Eliz musika kontzertua, Kantuz abesbatzaren eskutik, San Joan Bataiatzailea elizan. 

Igandean, berriz, musika eta dantza izan ziren eguneko protagonistak, Astigarragan. Astigarraga Ehuntzen egitasmoaren barruan, Kantujira izan zen Ergobitik abiatuta. Aiztondok gidatuta, bertan izan ziren Galtzaur elkartea, Bentazaharreko Mutil Alaiak taldea eta Norberto Almandoz musika eskolako haurren abesbatza. Gainera, astigartarrak ez ezik, hernaniarrak ere bertaratu ziren festaz gozatzera. Gero, Astigar eta Eltziegoko dantza taldeek ikuskizuna eskaini zuten Foru Plazan. Elkartrukea egin zuten bi taldeek, eta ezin hobe aritu ziren dantzan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!