Istripu baten ondorioz, A-15a itxi dute, Urnietatik Hernanirako noranzkoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 5a, 15:22

Arratsaldeko 14:40ak aldera gertatu da ezbeharra. Bi kotxek istripua izan dute Hernani eta Urnieta artean dagoen A-15 errepidean. Ertzaintzak jakitera eman duenez, «errepidean zegoen kamioi batek zama galdu du, eta bi edo hiru kotxek egin dute talka zamaren kontra». 

Zauritu bat, ospitalean

Ertzaintzak adierazi du istripuak zauritutako pertsona bat utzi duela. «Donostiako ospitalean dago orain, baina bere egoera ez da larria». 

Bidea itxita egon da 15:45ak arte, gutxi gorabehera. «Gero, pixkanaka-pixkanaka, normaltasunera itzuli da trafikoa», zehaztu du horretan. Istripua gertatu ondorengo tartean, Hernani eta Urnieta artean dagoen A-15 errepidea itxita zegoenez, Urnietatik Hernanirako noranzkoan zihoazen ibilgailuek goiko biribilgunera igo behar izan dute aurrera jarraitu ahal izateko. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!