Arnasa hartzeko garaipen garrantzitsua lortu du Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 5a, 00:00

Astigartarrek 1-0 irabazi dute Oiartzunen aurka eta jaitsierako postuetatik atera dira. Hernaniko jubenilek ere garaipen garrantzitsua lortu dute.

Mundarrok garaipena behar zuen asteburu honetan Oiartzunen aurka eta astigartarrek lortu zuten helburua Preferente mailan. 1-0 irabazi zuten, hamar minuturen faltan Garziandiak sartutako  golari esker. Oraingoz, jaitsierako postuetatik aldentzea lortu dute. Azkenengo postutik hirugarrenera pasa dira, baina oraindik hiru final gehiago jokatu behar dituzte.

Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeak ere partidu garrantzitsua irabazi zuen Indartsuren aurka, 4-2. Hamabosgarren postuan jarraitzen du Hernanik. Atzetik dituen bi taldeak aldendu ditu eta Indartsu orain bi puntura dago. Bizirik jarraitzen du Hernanik.

 

Nesken bi taldeek galdu eta Hernaniko mutilek irabazi

Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak ere garaipen ona lortu zuen, Altamiran. Ordizia 0-4 gainditu zuen eta sasoi onean dabiltza hernaniarrak azken jardunaldietan. Mutiletan galdu zutenak Preferente mailako mutil hernaniarrak izan ziren. 1-2ko porrota jaso zuten Danenaren aurka, eta orain azkenaurreko postuan daude, jaisteko arriskuan.

Jardunaldi ona izan ez zutenak nesken bi talde nagusiak izan ziren. Hernaniko neskek 1-0 galdu zuten Eibarren aurka, Ohorezko Erregional mailan. Gogorragoa izan zen Mundarroren emaitza: Goierri Gorriren kontra 4-0 galdu zuten eta igotzeko aukera guztiak galdu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!