Euskal Herriko Itzulia 2022

Euskal Herriko Itzulia hasiko da gaur, eta bertan izango da Azparren

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 4a, 00:00

Euskal Herriko Itzulia, joan den urtean, Hernanitik pasatzen.

Ez da bailaratik pasako aurtengo edizioa, baina Leitzatik abiatuko da bigarren etapa, bihar.

Hondarribiatik abiatuko da, gaur arratsaldean, Euskal Herriko Itzuliaren 61garren edizioa. Eta oraingoan bai, partehartzaileen artean izango da Xabier Mikel Azparren astigartarra, etxeko lasterketan debuta egiteko.

Aurten ez da Urumea bailaratik pasako Itzulia, baina gertu hasiko da bigarren etapa, bihar: Leitzatik abiatu, eta Nafarroako hegoaldera egingo dute, Vianan bukatzeko.

Erlojupeko batekin hasiko da lasterketa gaur, Hondarribian: 7,5 kilometro gorabeheratsu, herrian barrena. Arratsaldeko 14:03etan abiatuko da aurreneko txirrindularia, eta 17:21etan azkenekoa. 

Biharkoa Vianan bukatu ondoren, Araba eta Bizkaia aldera joango da Itzulia. Laudion hasi eta Amurrion bukatuko dute hirugarrena, Gasteiztik Zamudiora egingo dute laugarrena, eta Zamudion bertan hasi eta Mallabiara iritsiko dira bosgarrenean. Azkeneko etapa, ohitura bilakatu den bezala, Eibarren hasi eta Arrateko santutegian bukatuko da.

Itzuliko kronikak egunero, 'kronika.eus' webgunean

Aurreko urteotan bezala, Itzuliko etapa bakoitzaren kronika egingo du Andoni Urbistondo kazetariak, eta kronika.eus webgunean izango da irakurgai.


Protagonista izateko gogotsu, Xabier Mikel Azparren

Bakarkako lanean espezialista izanik, proba polita izango du Azparrenek gaur, txirrindulari onenen aurrean. Eta hurrengo etapetan ere, protagonista izaten saiatuko da. Sasoi onean iritsi da, behintzat. Alentejoko Itzulian etapa bat irabazi eta sailkapen nagusian bigarren bukatu ondoren, Miguel Indurain Sari Nagusian aritu zen herenegun, Lizarran; eta erasoa jo zuen helmugatik 16 kilometrora, Astanako txirrindulari batekin. Tropelak ez zien bidea egiten utzi, eta laster harrapatu zituen. Ondoren, 34garren izan zen astigartarra, helmugan.


Xabier Mikel Azparreni elkarrizketa egin zion Txirrindulariak.com atariak, duela egun gutxi:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!