Gipuzkoako 4,5 txapelketan bailarako 20 pelotari baino gehiago izango dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 2a, 00:00

Lehenengo jardunaldia jokatuko da. Grabni Torneoan, Jarak, Gurutzealdek eta Expositok Bizkaiaren aurka jokatuko dute.

Bailarako pelotariek arantza atera nahiko dute aste honetan. Izan ere, joan den asteko emaitza ez zen ona izan. Gipuzkoako 4,5 Txapelketa hasiko da, eta Hernaniko eta Astigarragako 20 pelotari baino gehiago izango dira bertan.

Grabni txapelketan, bailarako hiru pelotarik  jokatuko dute gaur, Irurako trinketean. Jon Jara jubenilak eta Oier Gurutzealde seniorrak Bizkaiko ordezkariaren aurka jokatuko dute eta Hodei Exposito seniorrak eta Garmendiak, berriz, Bizkaiko bikote baten aurka, Amezketan.

 

Jon Jarak irabazi zuen

Aurreko astean emaitza onena  lortu zuen Jon Jara jubenilak, Grabni Torneoan. 35-17 irabazi zuen Ilarregiren aurka (Nafarroa). Oier Gurutzealdek, aldiz, galdu egin zuen, eta baita Expositok ere.
Era berean, positiboa izan zen Aratz Labaka eta Oier Arsuaga alebinek Elizondoko Torneoko final-laurdenetan lortutako emaitza: 16-8 irabazi zuten Sarratea - Garcia bikotearen (Ultzama) kontra.

Emaitza txarrena Julen Deskarga eta Oier Alegria jubenilen porrota izan zen. 22 eta 6 galdu zuten Udaberri Torneoko finalean Diaz de Gereñu eta Urdanpilleta bikotearen (Intza) kontra. Xabier Salaberria seniorrak Doneztebeko Torneoan izandako porrota ere negatiboa izan zen hernaniarrentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!