Azokak, kontzertuak, hitzaldiak, pailazoak eta gehiago, gaurtik hilabete amaierara arte

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 2a, 00:00

Apirilaren 23an, Benito Lertxundi igoko da Erriberako oholtza gainera, astigartarrak hunkitzera.

Sarrerak erosi daitezke 'astigarraga.eus' webgunean, Erribera kulturgunean arratsaldez, edo, bestela, Erriberako leihatilan emanaldiaren egunean, ordubete lehenago. 

Gaurtik hasita, kultur jarduera mordoa antolatu dira apirila amaitu arte, eta ondorioz, astigartarrek barre eta dantza egiteko parada izango dute udaberriari ongietorria emateko. Murgiako habia-kutxak garbitzeko tailerrak emango dio hasiera kultur agendari, gaurkoan. Goizeko 10:00etan emango zaio hasiera tailerrari, Murgia jauregian. 2017an kokatutako Txoribox izeneko ingurumen hezkuntzako proiektuaren baitako tailerra da, eta jarritako habia-kutxak garbituko dira, udaberrian erabiltzeko prest uzteko. Astigarragako haur, gazte eta helduek har dezakete parte Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatutako tailer honetan. 

Biharko, egun osoko egitaraua prestatu dute, eta goizetik hasiko dira ekintzak. Astigarraga eta Eltziego herrien arteko elkartrukearen baitan, Eltziegoko bisita jasoko dute astigartarrek. Goizeko 10:30etan ongietorria egingo zaie eta Emakumeak ardogintzan erakusketan inaugurazioa eskainiko da Sagardoetxean. Jarraian, Sagardoetxeko bisita gidatua egingo da, eta ondoren, dantzaren desfileak hartuko ditu kaleak. Eguerdiko 12:30etan, Astigar eta Eltziegoko dantza taldeen emanaldi zoragarriaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Foru Plazan. 

Horrez gain, biharko, Aiztondo abesbatzak Kantujira antolatu du. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera, Ergobitik hasita. Kalejira baten bueltan, euskal abesti herrikoiak eta ezagunak kantatuko dituzte, Bentako mutil zaharrak taldekoekin, Galtzaurko jubilatuekin eta Norberto Almandoz musika eskolako kideekin. 

Biharko eguna borobiltzeko, arratsaldeko 17:00etan, Tomaxen abenturak emanaldiak hartuko du Erriberako oholtza. Adin txikikoen sarrerak 3 euro balio du eta helduenak, berriz, 6 euro. 

 

Datorren astetik aurrera 

Apirilaren 6rako, jendaurrean hitz egiteko hainbat teknika eta aholku emango ditu AEK euskaltegiak. Paki Caballerok eskainiko du saioa, goizeko 09:30etan hasita, AEK euskaltegian (Kale Nagusia 48). Antolatzaileek bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei eta gaineratu dute doakoa dela. Hurrengo ostegunerako, berriz, Lur Kortak Migel Salasen Tonino liburuari buruzko ipuin kontaketa eskainiko du, arratsaldeko 17:00etan, liburutegian. Gonbidapena liburutegian bertan eskuratu behar da, hurrengo astean. Apirilaren 8an, asteburuari ongietorria emateko, Ocupación S.A. dokumentala proiektatuko dute Erriberan, arratsaldeko 18:30etan hasita. MunduBat GKEak aurkeztua da eta sarrera doakoa dela jakinarazi dute. 

 

Korrika omentzeko, hiru egun 

Hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute astigartarrek Korrikaren harira. Apirilaren 8an, Mikro korrika egingo dute haur eskolako txikiekin; goizeko 10:00etan, Kiriketakoak eta 10:15etan, Ametsetakoak. Korrika txikia ere antolatu da, Herri eskolako haurrekin, eguerdiko 14:30etan. Hilaren 9an, Erre, aldarri bat bertsoz emanaldiak Erribera bisitatuko du, arratsaldeko 20:00etan. Hilaren 10ean, aldiz, goizeko 05:30etan, txistularien dianak esnatuko ditu astigartar korrikalariak, Korrikarekin bat egiteko. 

Halaber, egun berean, GO!azen 8.0 kontzertua eskainiko dute telesaileko protagonistek. Arratsaldeko 17:00etan izango da lehenengo saioa, eta 19:00etan bigarrena. Antolatzaileek aditzera eman dute sarrerak urtarrilean agortu zirela, eta itzulerarik egonez gero, etzi jarriko direla salgai. 

Hilaren 18an, gazte sortzaileen azoka antolatu du Astigarragako Gazte Asanbladak. Joseba Barandiaran plazan eta Emakumeon plazan jarriko dituzte postuak 11:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. 

Benito Lertxundi kantuan entzuteko aukera ere izango da apirilaren 23an. Ospakizun gauean da bere ibilbidean jartzen duen mugarri berria, hamar kantuz osatutako diskoa. Emanaldi honetan bere kantu ezagun eta hunkigarrienak eskainiko ditu. Kontzertua Erriberan izango da, arratsaldeko 20:00etan. 

Beste hainbat ekintza eta jarduera tarteko, hilari amaiera emango dio Itsatsita antzerki musikalak; estreinaldia izango da, gainera. Erriberan eskainiko dute ikuskizuna, apirileko azken egunean, 20:00etan hasita.

 

EGITARAUA - ASTIGARRAGA

GAUR

10:00 Tailerra: Murgiako habia-kutxak. Murgia jauregian.

BIHAR

10:30 Ongietorria eta Emakumeak ardogintzan erakusketaren inaugurazioa sagardoetxean. 

11:00 Sagardoetxeko bisita gidatua. Ondoren, dantzaren desfilea herrian zehar. 

12:00 Musika. Kantujira. Aiztondo abesbatzak antolatuta. Ergobiko plazan. 

12:30 Astigar eta Eltziegeko dantza taldeen emanaldia. Foru Plazan.

17:00 Pailazoak: 'Tomaxen abenturak: bi ipuin'. Erriberan.

APIRILAK 6

09:30 Zilegi eskola: Jendaurrean hitz egiteko teknikak. AEK euskategian (Kale Nagusia 48). 

APIRILAK 7

17:00 Ipuin kontaketa. Tonino. Lur Kortaren eskutik. Liburutegian.

APIRILAK 8

10:00 Mikro Korrika. Haur eskolako haurrekin. 10:00etan Kiriketakoak eta 10:15etan Ametsetakoak. 14:30etan Korrika txikia Herri eskolako ikasleekin. 

18:30 Dokumentala: Ocupación S.A. Erriberan.  

APIRILAK 9

20:00 Antzerkia: 'Erre, aldarri bat bertsoz'. Erriberan. 

APIRILAK 10

05:30 Txistularien diana. 

06:15 Korrikaren iritsiera. 

07:00 Gosari herrikoia. Emakumeon Etxean. 

APIRILAK 12

11:00 Irakurketa: Liburu baby kluba.

APIRILAK 18

11:00-14:00/16:00 Gazte sortzaileen azoka. Joseba Barandiaran plazan eta Emakumeon plazan. Euria eginez gero, Txomiñenen.

APIRILAK 20 

17:30 Irakurketa: Liburu txiki kluba. Liburutegian. 

APIRILAK 23 

20:00 Kontzertua: Benito Lertxundi. Erriberan. 

APIRILAK 24 

16:30 Zinea: 'Ainbo'.

19:00 Zinea: 'La peor persina del mundo'. 

APIRILAK 25 

19:30 Literatura solasaldia: 'De profundis'. 
Erriberan.

APIRILAK 26 

17:30 Hitzaldia: 
'Seme-alaben heziketa emozionala'. Erriberan.

19:30 Literatura solasaldia: 'Ez dakit zertaz ari zaren'. Erriberan.

APIRILAK 27 

19:00 Hitzaldia: 'Astigarragako hiri dibertsitatea'. Erriberan.

APIRILAK 30

12:30 Kalejira: Iruleko alde zaharreko erraldoiekin kalejira. Foru Plazan.  

20:00 Antzerki musikala: 'Itsatsita'. Erriberan. 

 

TAILERRAK ASTE  SANTUKO OPORRALDIAN

APIRILAK 11, 12, 13 Henna tattoak, Free dance eta ogitartekoak egiteko tailerra.

APIRILAK 19, 20, 21,22 Street Dance eta Pizzak egiten.

 

Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta igoko dira oholtza gainera, hilaren 7an. 

Hitzaldi batek eta musika emanaldiek irekiko dute kultur agenda, gaurkoan


Apirileko kultur agendan mota askotako ekintzak izango dira: besteak beste, antzezlanak, musika eta dantza emanaldiak, zinea, literatur saioak, eta beste asko. Gaur, 11:00etan, Haziak elkarteak antolatuta, 'Eskaera handiko gurasotasuna' hitzaldia izango da Biterin.

Apirilean sartu gara dagoeneko eta, horrekin batera, argitaratu dituzte hilabete honetako kultur agendak. Hernanin, betiko moduan, denetarik izango da: antzerkigintza, musika, dantza, literatura, eta beste asko. Interesa dutenek, eskuragai dute agenda, online formatuan, kultura.hernani.eus webgunean. Euskarri fisikoan ere lortu daiteke Biterira gerturatuta. 

Gaurkoan, Haziak elkarteak antolatuta, gai interesgarri bezain sakona landuko dute Biterin, goizeko 11:00etan hasita. Eskaera handiko gurasotasuna izenburupean, Leticia Suarez arituko da hizlari lanetan, eskaera haundiko alaba baten ama eta hezitzailea. Jaio berri den elkartea da Haziak, eta azaldu dutenez, helburu dute «amatasunari eta aitatasunari laguntza erreala eta kontzientea ematea». 

Haziak elkartearen hitzaldiarekin batera, musikaz gozatzeko tartea ere izango da gaurkoan. Milagrosan, 19:00etan, Goizetik Txistulari Bandak antolatuta, txistu eta harpa kontzertua izango da; eta, horrez gain, eliz musika kontzertua ere izango da 19:30etan, San Joan Bataiatzailea elizan.

Egun potoloa, apirilaren 10a

Apirila hilabete berezia izango da bailarako herritar askorentzat. Izan ere, Aste Santuko oporrak medio, atseden hartu eta lagunartean zein familiartean gozatzeko aukera izango dute. Beste batzuek, ordea, ez dituzte oporrak izango. Baina, ziur, horientzat ere xarma izango duela hilabete honek. Hain zuzen, itxaronaldi luze baten ostean, 22. Korrika helduko da bailarara. Herenegun hasi zen, Amurrion, eta Hernanira iristerako, ia Euskal Herri osoa gurutzatua izango du dagoeneko. Hain zuzen, hernaniarrek apirilaren 10ean jasoko dute lekukoa, goizeko 06:49ak aldera; eta, aurtengo edizioko Korrikak Donostia izango du helmuga, egun horretako eguerdiko 12:30etan, gutxi gorabehera. 

Milaka eta milaka pauso egingo ditu Korrikak, bi mila kilometrotik gora, 11 egunez eta gelditu gabe, helburu bakar batekin: euskeraren aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. 

Hernanira Astigarragatik helduko da Korrika. Astigartarrei lekukoa hartuko dieten lehenengo hernaniarrak Iretza jatetxean izango dira, Martindegi auzoan. Hortik abiatuko dira, elkarrekin, kilometro bat osatu eta hurrengoei lekukoa pasa arte. Hernaniko kilometroak osatu ostean, Añorgarantz abiatuko da furgoneta, eta, hortik, Donostiako Alde Zaharrean barrena eta inguruetan ibiliko da, ibilbidea Bulebarrean amaitzeko. 

Gaztelekukoek ere hartuko dute Korrika ospatzeko tartea. Apirilaren 10ean, hain zuzen, goizeko 06:30etan jarri dute hitzordua. Korrikan parte hartzeaz gain, elkarrekin gosalduko dute hezitzaileek zein nerabeek.

Geuretik Sortuak egitasmoko filma eta antzerkia

Udalbiltzak bultzatutako Geuretik Sortuak proiektuak oihartzuna izango du azken hilabeteotan. Hain zuzen, aurkeztu dituzte dagoeneko egitasmoko hainbat obra Euskal Herriko zenbait txokotan. Hernanin, joan den hilabetean, oholtzaratu zituzten, besteak beste, Hamazazpigarrenean aidanez ipuin-bilduma eta Lore More antzerki taldearen Trapu zikinak antzezlana. 

Oraingo honetan, bi emanaldi izango dira. Hilaren 7an, Tanttaka teatroak aurkeztuta, Sexberdinak antzezlana izango da Biterin, arratsaldeko 17:30etan eta 20:00etan. Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta oholtza gainera igoko dira bi lagunen istorioa «umorez eta minez tindatuta» kontatzeko. Horixe bera ziurtatzen dute sinopsian: garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, bere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Sarrerak salgai daude Biteriko leihatilan eta online kultura.hernani.eus web orrian, 8 euroan. 

Horrez gain, hilaren 26an, Bost teilatu bost film laburren aurkezpena izango da Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Ikus-entzunezko bat Raul Barrerasena izango da, Arnasa, Hernanin grabatutakoa. Saioa doakoa izango da, eta ez da gonbidapenik behar.

 

EGITARAUA - HERNANI

GAUR

11:00 Hitzaldia: 'Eskaera handiko gurasotasuna'. Haziak Elkarteak antolatuta. Biterin. 

19:00 Txistu eta harpa kontzertua. Goizetik Txistulari Bandak antolatuta. Milagrosan. 

19:30 Eliz musika kontzertua. Kantuz abesbatza. San Joan Bataiatzailea elizan. 

APIRILAK 6

19:00 Literatur solasaldia: 'El castillo blanco' (Orhan Pamuk). Amaia Garciak gidatua, gaztelaniaz. Liburutegian. 

APIRILAK 7

17:30 eta 20:00 Antzerkia: 
'Sexberdinak' (Geuretik 
Sortuak). Biterin. 

APIRILAK 9

12:00 Haur antzerkia: 'Tempus'. El que ma queda de teatre-ren eskutik. Biterin. 

APIRILAK 10

06:49 Korrika ofizialari ongi etorria. Iretzan, Martindegi auzoan. 

13:00 Musika: Udaberriko kontzertua. Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Udaletxeko arkupeetan. 

APIRILAK 12

19:00 Literatur solasaldia: 'Balou mendikateko balada' (Lianke Yan). Ane Mayozek gidatua, euskeraz. Liburutegian. 

APIRILAK 26

19:00 Emakumeen euskal literatura mintegia: 'Familiako lexikoa' (Natalia Ginzburg). Kattalin Minerrek gidatua, euskeraz. Liburutegian.  

19:00 Zinea: 'Bost teilatu' (Geuretik Sortuak). Bost film laburren emanaldia. Biterin. 

APIRILAK 27

17:30 eta 18:15 Ipuin kontaketa Ixabel Agirresaroberekin. Biterin.

APIRILAK 28

17:00 Hitzaldia: 'Haurdunaldiko eta jaioberrien arteko dolua ikusgai egiten'. Hizlaria: Eider Otxoa, ama doluan, dolu-terapeuta. Haziak Elkarteak antolatuta. Biterin. 

19:30 Antzerkia: 'Album'. Form Laborategiaren eskutik. Biterin.    

ERAKUSKETAK

APIRILAK 25-28

Ingurumen hezkuntza. Artelatzek antolatuta. Biterin. 

 

GAZTELEKUA

GAUR

17:30 Gazte parte saioa. 

APIRILAK 5

17:30 Merienda osasungarria.

APIRILAK 10

06:30 Korrika eta gosaria. 

APIRILAK 19 

17:30 Autodefentsa feminista eta maskulinitate tailerra. 

APIRILAK 26-29 

Marrazki lehiaketa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!