Gaur izango dira Udalen Plenoak, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 29a, 00:00

2021eko aurrekontuen likidazioa izango da gai nagusia, Hernaniko Plenoan.

Arratsaldeko 18:00etan bilduko da Hernanikoa, eta 19:00etan izango da Astigarragakoa.

Ohiko deialdian, gaur bilduko dira Hernaniko eta Astigarragako Udaletako Plenoak, hileko azkeneko asteartearekin. Hernanikoa izango da aurrena, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta ordubete beranduago egingo dute Astigarragakoa, 19:00etan.

10 gai izango dituzte lantzeko, Hernanin. Otsaileko akta onartu eta martxoko dekretuen berri eman ondoren, 2021eko aurrekontuen likidazioari buruzko informazioa emango dute: Hernaniko Udalarena ez ezik, Ereñotzuko Auzo Udalarena eta Zerbitzu Sozialena ere bai. Eta segidan, 2022ko aurrekontuaren aldaketa egingo dute, likidazioaren ondorioz kreditu txertaketa egiteko, Udalaren eta Auzo Udalaren aurrekontuetan.

Ondoren, Iruzurraren Kontrako Plana aurkeztuko dute Plenoan. Eta azkeneko lau puntuak, mozioak izango dira. Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak aurkeztu ditu horietako bi: Sareb etxebizitza eskubidea bermatzeko tresna bilakatzekoa bata, eta Saharako herriari buruzkoa bestea. PSE-EE udal taldearena da beste mozio bat, Osiñaga auzoko sarbideari buruzkoa. Eta EH Bildu udal taldeak aurkeztu du azkenekoa, Saharari buruzkoa hori ere.

Pleno luzea, Astigarragan

Luzeagoa espero da Plenoa Astigarragan, 19 puntuko gai ordena baitaukate lantzeko. Hasteko, Jasangarritasun Energetikoari buruzko batzordea izango dute hizpide, eta ondoren, Iruzurra Prebenitzeko, Hautemateko eta Zuzentzeko Plana aurkeztuko dute Astigarragan ere. Segidan, Iraunkortasunerako II. Ekintza Plana jarriko dute mahai gainean. Eta Hernanin bezala, 2021eko aurrekontuaren likidazioa egin, eta ondorioz, 2022koan hainbat kreditu aldaketa gauzatuko dituzte.

Donostia Ibilbidea berrurbanizatzeko obren proiektua eta kontratazio-espedientea onartzea bozkatuko dute ondoren, eta baita udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratuan aldaketa egitea ere. Añarberen proposamen bat ere landuko dute Plenoan, saneamenduko baja eta alta sareak mugatzeko. Eta bukaeran, adierazpen instituzional zein mozioen tartea izango da. Ukrainako gerrari buruzko adierazpen instituzionala; Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruko mozioa; eta Gipuzkoako garraio publikoaren tarifei eta Mugi sistemari babesa eskaintzeari buruzko mozioa.

Gaur bertan, Plenoaren aurretik, bilera egingo dute Tokiko Gobernu Batzordeak (18:00) eta Bozeramaile Batzordeak (18:30) ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!