Hazkunde «ona» aurreikusten da 2022rako

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00
Hernaniko Lastaola poligonoa.

Gipuzkoako Bazkundeak jakitera eman duenez, inkesten emaitzei erreparatuta, Gipuzkoako enpresek «baikortasunez» ekin diote urteari.

Gipuzkoako Bazkundeak aurkeztu ditu Merkataritza Ganberek Europa mailan egindako Perspektiben Inkestaren emaitzak. Adierazi denez, Gipuzkoako enpresek «baikortasunez» ekin diote 2022 urteari, «aurreko urtean bezalako jarduera-maila baten alde eginez, edo aurreko urtean baino zertxobait haundiagoaren alde, Covidaren pandemian galdutako lurra berreskuratzeko prozesua berretsiz». Hain zuzen ere, Koiuntura Inkestan jasotako erantzunetan, hamar enpresatik bederatzik, aurten, salmenten zifrak hobetzea edo errepikatzea aurreikusten dute.

Sektoreetan arreta jarrita, Gipuzkoako Bazkundearen esanetan, «txikizkako merkataritzak itxaropen apalagoak ditu, baina betiere dinamika positiboaren barruan, negozioen %81ek salmentak errepikatzea edo haunditzea espero baitute».

Horrez gain, 2021ean Gipuzkoako esportazioen historiako bigarren zifra altuena lortu ondoren, 2022an, enpresen aurreikuspenak ere, hazkundeari dagokionez, onak direla nabarmendu dute; izan ere, %85ek iazko zifrak haunditzea edo berdintzea espero du. «Batez ere Europan oinarritutako esportazioekin, Ipar Amerika gure kontinentetik kanpo lehentasunezko helmuga izaten ari da», aipatu dute.

 

Enpleguan, berri onak

Bazkundeak emandako datuekin jarraituz, berri onak izango dira enpleguaren arloan. Hain justu, une honetan, langabezia-tasa %6,55ekoa bada ere, enpresa-aurreikuspenen arabera, tasa hori murriztu egingo da: «10 enpresatik 8k enplegua eustearen alde egiten dute, eta 6tik 1ek plantillak haundituko dituela adierazten du». Nolanahi ere, azpimarratu dute txikizkako merkataritzak aurreikuspen «kontserbadoreagoak» dituela. 

Gainera, enpresa-inbertsioak gora egin dezake 2022an. Lau enpresatatik batek adierazten du haren bolumena haunditu egingo dela 2021 urtearekin alderatuta, eta hamarretik seik uste dute maila berean mantenduko dela. «Enpresak zuhur agertzen dira arlo honetan, eta ekonomiarako arrisku-faktoreek eragin nabarmenagoa izan dezakete eremu honetan ere», gehitu du Bazkundeak.

 

Arrisku-faktoreen baldintza

Oro har, 2022an hazkunde maila ona aurreikusten dela ondorioztatu da. Hala ere, arrisku-faktore batzuek baldintzatuko dute fluxua. Zehatzak izateko, faktore nabarmenena Covid-19aren krisia izango dela ohartarazi dute. «Zenbait herrialdetan, koronabirusaren errebote-efektuak puri-purian jarraitzen du oraindik». Adibide gisa, Espainiako kasuaren berri eman du Bazkundeak. «Nazioarteko Diru Funtsak Euroguneko hazkunderik haundiena iragarri du, %5,8rekin. Arlo horretan bertan, Alemania, Frantzia eta Italia bezalako herrialdeetan espero diren hazkundeak %3tik gorakoak izan dira kasu guztietan».

Asian, Indiak jarraipena eman die iaz lortutako emaitzei. Jakinarazi denez, %9,0 errepikatzea espero du. Txinak, berriz, hazkunde motela izango du: %4,8. Estatu Batuei begira, hazkundearen aurreikuspena %4koa da. Hegoamerikak ere antzeko bidea jarraituko du, hazkunde motela espero baita hainbat herrialdetan: besteak beste, Brasilen, Mexikon eta Argentinan. Nolanahi ere, Bazkundearen arabera, beste herrialde batzuek, hala nola, Peruk, Kolonbiak eta Ekuadorrek, aurreikuspen onak dituzte aurtengorako.

Azkenik, Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren berri ere eman du Bazkundeak. Jakitera eman duenez, portaera ona izango du 2022an, %4,5 eta %6 arteko hazkundearekin, eta bere bilakaera aurretik aipatutako faktoreek baldintzatuko dute. Elementu positibotzat hartuko da Europako Funtsen etorrera eta horiek jardueran eta inbertsioan duten eragina. Edonola ere, kezka nagusia da kostu-igoerek enpresa-marjinetan duten eragina. Aurreikuspen horien aurrean eta horiek bete ahal izateko, Gipuzkoako Ganberak honako elementu hauexek jotzen ditu beharrezkotzat: enpresak nazioartekotzeko ahalegina indartzea, enpresen lehiakortasuna bultzatzen jarraitzea, jasangarritasunean aurrera egitea eta, azkenik, pertsonen prestakuntza bultzatzeko estrategiarekin jarraitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!