Udaberri Txapelketako finala gaur, Julen Deskargak eta Oier Alegriak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

Lasarte-Orian jokatuko dute, 12:00etan, jubenilen bigarren mailako finala. Intzako Diez de Gereñu eta Urdanpilleta izango dituzte aurrean.

Txapelketa pribatuetan jokatuko dituzte partidu gehienak, asteburu honetan, bailarako esku pelotariek. Baina txapelketa ofizialetan, partidu garrantzitsuak izango dituzte jokoan.

Gaur bertan, final bat jokatuko dute bi esku pelotari hernaniarrek, Udaberri Txapelketan. Jubenilen bigarren mailako finalean ariko dira Julen Deskarga eta Oier Alegria, 12:00etan hasita, Lasarte-Orian. Aurrean, bertako bikote bat izango dute: Intza taldeko Diez de Gereñu eta Urdanpilleta. Bere ohiko maila emanez gero, txapelak ekarri di­tzake bikote hernaniarrak.

Eta GRABNI txapelketan ariko dira bailarako beste bi esku pelotari, asteburu honetan, Gipuzkoako selekzioarekin. Trinketean, gaur jokatuko du Jon Jara hernaniarrak, jubeniletan: Mendillorrin ariko da, 10:00etan hasita, Nafarroako selekzioko kide baten aurka. Bihar, berriz, Hodei Exposito astigartarraren txanda izango da. Eskuz binaka ariko da Expo­sito, nagusietan, Beñat Garmen­diarekin bikotea osatuta. Nafarroaren aurka ariko dira, Iruñe­ko Oberena frontoian, goizeko 11:30etan hasita.

Gainerakoan, bailarako frontoietan bi partidu bakarrik jokatuko dira eskuz, eta beste hiru palaz. Eskuz, Hernanin, Galatas eta Gaskon infantilek jokatuko dute, bihar 11:00etan, Behar Zanaren kontra; eta Goizuetan, Sagardui eta Lujambio ariko dira, Nafar Jokoetako haur mailan, 11:30etan Aurreraren kontra.

 Pala partiduei dagokienez, Umore Ona Txapelketako partidu bat jokatuko da gaur Goizuetan, nagusien mailan: Iribarren eta Iturgoyen ariko dira, Apezetxeatarren kontra, 11:30etan hasita. Hernanin, berriz, Gipuzkoako buruz buruko txapelketako partidua izango du Mikel Manterolak, gaur 09:30etan, Orioko Lizasoren kontra. Segidan, infantil mailako partidua izango da, Hernaniren eta Bidania-Goiatzen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!