Bigarren bukatu du Alentejoko Itzulia, Xabier Mikel Azparrenek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 00:00

Xabier Mikel Azparren (eskuinean), Alentejoko Itzuliko podiumean.

Enekoitz Azparrenek, berriz, Euskaldun Torneoko lidertza hartu du, Lizarran bigarren sailkatuta.

Bigarren bukatu du Xabier Mikel Azparrenek, azkenean, Alentejoko Itzulia. Astigartarrak gogotik estutu du Orluis Aular liderra, azkeneko bi etapetan; baina ondo eutsi dio Venezuelako txirrindulariak. Larunbateko erlojupekoan bikain aritu zen Azparren, baina Aularrek gainditu zuen berriro, 1,4 segunduko aldearekin. Eta igandeko etapan, astigartarra lidertza berreskuratzen saiatu zen arren (5 segundura zegoen), indartsu aritu zen berriro Aular, eta laugarren izan zen etapan. Juan Jose Lobatok irabazi zuen azkeneko hori, Azparrenen taldekideak.

Pozik bueltatu da astigartarra, Portugaletik: estreinako etapa garaipena lortu du profesionaletan, eta bigarren izan da sailkapen nagusian.

Primeran aritu da Enekoitz Azparren anaia ere, asteburuan, maila afizionatuan. Larunbatean, 34 laguneko talde nagusian helmugaratu zen Laukizen, bederatzigarren. Eta talde horretan iritsi zen Ander Amonarriz hernaniarra ere, 19garren.

Eta igandean, Lizarrako Cirilo Zunzarrenen Oroimenezkoan aritu zen astigartarra, eta oso gertu izan zuen garaipena: bigarren izan zen, Pablo Castrillo irabazlea baino 17 segundu beranduago helmugaratuta. Emaitza horiei esker, Euskaldun Torneoko lider jarri da Azparren.

Kadete mailan, berriz, Igartza Saria jokatu zen Beasainen, eta 24garren sailkatu zen Intza Navarro hernaniarra, 68 partehartzaileren artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!