Enaitz Goñik zortzi domina, Euskadikoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 00:00

Bost urre lortu ditu Gasteizen eta txapeldun absolutua izan da 200 bizkar eta 800 metro libreetan.

Enaitz Goñi igerilari hernaniarrak zortzi domina lortu ditu asteburuan, Gasteizen, Euskal Herriko igeriketa txapelketan. Zortzi dominetatik bost urrezkoak izan dira, bi zilarrezkoak eta brontzezkoa bat. Gainera, bi urre maila absolutuan lortu ditu, 200 metro bizkarren eta 800 metro libreetan. Larunbateko bi proba horietan, Euskal Herriko txapeldun izan da. 2:11,26 eta 8:41,68ko denborekin, bere markarik onenak egin zituen 50 metroko igerilekuan. 17 urterekin, junior mailako garaipenak ere lortu zituen, Astigarragan bizi den igerilariak. 

Igande goizean, 400 metro libreetan, ez zuen bere mailarik onena eman, eta faborito izan arren, hirugarren amaitu zuen absolutu mailan, eta bigarren junior mailan. Arratsaldean, sentsaziorik onenak berreskuratu zituen, eta 200 metro libreetan bigarren amaitu zuen, eta aurrena junior mailan, 1:58,23rekin. 

Xabier Huitzi hernaniarrak ere parte hartu zuen 100 metro tximeletan (1:05.48), bere markarik onena eginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!