Hernaniko neska nagusiek eta mutil jubenilek lortu dituzte garaipenak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 00:00

Jubenilek esperantzarako garaipena lortu dute

Neskek 1-2 menderatu zuten Leintz Arizmendi, Ohorezko Erregional mailan. Mutil jubenilek, garaipen garrantzitsua Liga Nazionalean.

Garaipenak, berdinketa eta porrotak izan dituzte bailarako talde nagusiek. Hernaniko Ohorezko Erregional mailako neskek eta Liga Nazionaleko mutil jubenilek lortu dituzte garaipenak. Mundarroko neskek berdindu egin zuten eta mutilek, aldiz, galdu egin zuten. Hernaniko mutilak ere, punturik gabe itzuli ziren Aretxabaletatik.

Hernaniko neskek 1-2 gainditu zuten Leintz Arizmendi, Arrasaten. Garaipen esanguratsua lortu zuten, aurkari zuzen baten aurka; eta laugarren kokatu dira sailkapenean. Esperantzarako garaipena mutil jubenilek lortu zuten Zubipen, Danok Baten aurka (4-2). Mailari eutsi diezaiokete berdeek, oraindik ere.

Mundarroko neskek, berriz, bana berdindu zuten Hondarribiaren aurka, Ondartzan, eta hirugarren postuan jarraitzen dute igoera fasean, Antiguoko baino hiru puntu atzerago. Ez zuten aprobetxatu donostiarren berdinketa, sailkapenean hurbiltzeko.

Emaitza txarrenak mutilen talde nagusiek izan zituzten. Hernanik 1-2 galdu zuen Aretxabaletan, Ohorezko Erregionalean; eta Mundarrok 3-0 galdu zuen Soraluzen, Erregional Preferentean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!