Berria Txapelketa gaur hasiko da Alegian eta Hernanin amaituko da ekainaren 26an

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 20a, 00:00

Petritegin aurkeztu zen Berria Txapelketa.

Euskal Herriko 23 elkartek, Errioxako hiruk eta Bartzelonako batek hartuko dute parte. Hernanik maiatzaren 8an debutatuko du.

Berria esku pelota Txapelketa bueltan da bi urteko etenaldia eta gero. Bi urteko etena egin eta gero gaur hasiko da txapelketa Alegiako udal pelotalekuan. Txapelketako lehendabiziko aurre kanporaketa jokatuko da Alegiko Intxurre eta Ortuellako Danok Lagunak taldeen artean. Kanporaketa berdindua espero da.

Txapelketako 17garren edizioa sekula baino zabalagoa izango da 27 elkarterekin. Euskal Herriko 23k, Errioxako hiruk eta Bartzelonako elkarte batek parte hartuko dute. Ekainaren 26an izango dira finalak, Hernanin, San Joan jaien barruan. Bigarren urtez jarraian, emakumeen txapelketa ere jokatuko da. Lau bikote ariko dira lehian emakume mailan, eta bi onenak sailkatuko dira San Joan jaietan jokatuko den finalera.

Txapelketaren aurkezpena Astigarragako Petritegi sagardotegian egin zuten eta bertan bildu ziren elkarteetako ordezkari eta babesleak. Aurten, Berria egunkariarekin batera, babesle izango dira Petritegi sagardotegia eta Adarra Lan Tresnak enpresa. 

Kadete, Gazte eta Nagusien mailatan jokatuko dira partiduak, eta bi neurketa irabazten dituen elkarteak egingo du aurrera. Lehen bi partiduak elkarte berak irabazten baditu, tanto sistemak aginduko du. Hiru aurre-kanporaketa jokatuko dira, eta ondoren final-zortzirenak izango dira, gero laurdenak, finalerdia eta final haundia.

 

3.000 euroko saria irabazleak

Elkarte irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, eta txapeldunordeak 2.000koa. Hirugarren eta laugarren klubek, hurrenez hurren, 1.000 eta 500 euro jasoko dituzte, nahiz eta aldaketaren bat gerta daitekeen oraindik. «Gerta daiteke laugarrenari ere 1.000 euroko saria ematea», azaldu zuen Rufino Rekaldek. Faboritoen zerrendan Tolosa eta Lazkaoko Lapke ageri dira guztien gainetik. Gainera, finalera arte ez lukete elkar ikusiko.
Emakumeei dagokienez, bigarren urtez jokatuko dute, eta Euskal Herriko pelotari onenak gonbidatzea da asmoa, Nora Mendizabal antolatzaileak adierazi zuenez. Bi finalerdi jokatuko dira lehenbizi: apirilaren 29an bata, Andoainen eta hilabete geroago bigarrena, Hernanin. Bi bikote onenak sanjoanetan lehiatuko dira, finalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!