Uribealdearen zelaian ariko da Hernani, bihar

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Ekaitz Arrozpide, pase bat ematen.

Eguerdiko 12:00etan jokatuko du talde trikoloreak, Ardantzan, bere multzoko lidertza sendotzeko.

Igoera fasetik kanpo geratu ondoren, eroso ari da Hernani, Ohorezko B Mailako bigarren itzulia lehiatzen. Trikoloreak lider dira A multzoan, 54 punturekin; eta 12 punturen aldea daukate Eibar bigarrenarekin. Bost partidu bakarrik falta dituzte liga amaitzeko, eta okerrik ez bada, datozen asteotan ziurtatuko du Hernanik, aurreneko postu horretan bukatzea.

Hori lortzeko bidean, beste pauso bat eman nahi du bihar: Uribealdearen kontra ariko da, Plentziako Ardantza zelaian, eguerdiko 12:00etan hasita. Multzoko laugarrena da Uribealdea, 28 punturekin, sei partidu irabazi eta beste horrenbeste galduta. Eta aurreko astean Ourenseren zelaian nagusitasunez irabazi ondoren, trikoloreek beste bost puntu eskuratu nahi dituzte oraingoan. Ourenseren kontra jokatuko du bihar, hain justu, bigarren sailkatuak. Eibarren izango da partidua, baina galiziarrek bere maila onena erakutsiz gero, ezustekoa eman dezakete. Horrela balitz, Ardantzan irabazteak aurreneko postua ziurtatuko lioke Hernaniri.

 

Talde barneratzailea, Gamarran bihar

Hernaniko talde barneratzaileak, bere aldetik, Bultza Ligako topaketa izango du bihar, Gasteizen. Gaztedirekin ariko da, eguerdiko 12:00etan hasita, Gamarran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!