Goiko postuen lehiara bueltatu nahi dute bailarako taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Mundarroko jokalari bat, baloia babesten, Antiguokoren kontrako partiduan.

Etxetik kanpo jokatuko dute Hernaniko eta Mundarroko lau talde nagusiek, asteburu honetan.

Gipuzkoako txoko ezberdinetara egingo dute bidaia, Urumea bailarako talde nagusiek, asteburu honetan. Lauetatik bakar batek ere ez du jokatuko etxean, baina garaipenaren bila joango dira denak, goiko postuen borrokan sartzeko berriro.

Hernaniko taldeek kontrario zuzenak izango dituzte aurrez aurre, Ohorezko Erregional Mailan. Neskak Arrasaten ariko dira, gaur 18:30etan Mojategin, Leintz Arizmendiren kontra. Berdeak laugarren daude sailkapenean, 43 punturekin; eta arrasatearrak seigarren, 40rekin. Atzekoak urrundu, eta aurreko hiruengana hurbildu nahi du Hernanik, hiru puntuak ekarrita.

Mutilek, berriz, Aretxabaletan jokatuko dute, bihar 17:30etan. Sailkapeneko bosgarrena da Aretxabaleta, 40 punturekin, eta aurrea hartuko lioke Hernanik, bertan irabazita. Izan ere, zazpigarren dago, 38 punturekin. Aurrenekoak urruti xamar daude orain, baina neskek bezala, bolada ona aprobetxatu nahi dute, lehia horretara gerturatzeko.

 

Igoera faseko bigarren itzulia hasteko prest, neska moreak

Partidu garrantzitsua daukate Mundarroko neskek ere, Erregional Preferentean. Igoera faseko bigarren itzulia hasiko dute Hondarribian, gaur 16:00etan Ondartzan, bigarren postuaren lehian sartuta, bete-betean. Moreek porrota jaso zuten aurreko astean, eta hiru puntura urrundu zaie Antiguoko bigarrena berriro; baina oraindik bederatzi partidu dauzkate aurretik. Gaurkoan, kontrario arriskutsua dute aurrean, multzoko azkenaurrena izan arren.

Mundarroko mutilek, berriz, Soraluzen jokatuko dute gaur, mailari eusteko fasearen laugarren partidua. 16:30etan izango da, Ezozian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!