Herenegun estreinako garaipena lortu ondoren, Alentejoko Itzulia irabazten saiatuko da Azparren

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Xabier Mikel Azparren, garaipena ospatzen, ostegunean Porteleko helmugan. Argazkia: Volta ao Alentejo

Alentejoko Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen Xabier Mikel Azparren astigartarrak, ostegunean; eta bigarren dago sailkapen nagusian, 3 segundura. Gaurko erlojupeko laburrean bilatuko du lidertza.

Sekulakoa egin zuen Xabier Mikel Azparren astigartarrak, ostegunean: bere estreinako garaipena lortu zuen profesionaletan, Alentejoko Itzuliko bigarren etapa irabazita, Portugalen. Tiago Machado portugaldarrarekin ihes eginda iritsi zen, 7 segunduko tarte txikiarekin; baina horri esker, lasterketako lidertza ere eskuratu zuen. Atzo, ordea, Orluis Aularrek kendu zion, helmugan gainsaria lortuta, eta bigarren dago Azparren, 3 segundura. Gaur eta bihar saiatuko da lidertza berreskuratzen, azkeneko bi etapetan: 8,4 kilometroko erlojupeko laburra gaur, eta esprintean bukatzeko moduko etapa bihar.

Ostegunekoa, 187 kilometroko etapa izan zen, Bejatik Portelera; eta azkeneko kilometro gorabeheratsuetan, bere indarra erakutsi zuen astigartarrak. Helmugatik 12 kilometrora egin zuen ihes, Machadorekin; eta minutu erditik gorako tarterik izan ez zuten arren, garaipena bien artean jokatzeko aukera izan zuten. Tropelak ez harrapatzeko, gogotik egin zuen lan astigartarrak. Eta horregatik, Machadok hitza eman zion, ez ziola garaipena lehiatuko. Hala izan zen: astigartarrak aurrenekoz jaso zituen besoak, profesionaletan. 7 segundura helmugaratu zen talde nagusia, Orluis Aular liderra buru zuela. «Nire bizitzako momenturik onenetakoa izan da, oso zoriontsu nago», aitortu zuen astigartarrak: «taldeak sekulako lana egin du etapa gogortzeko, eta uneoro babestu nau. Azkeneko zirkuitua gogorra zen, eta urrutitik saiatzeko apustua egin dugu, ikusi dugunean kontrarioak nekatuta zeudela. Gainera, lortutako tartearekin, lan pixka bat kendu dut erlojupekoari begira».

Izan ere, etapa bakarrik ez, Alentejoko Itzulia ere irabazi nahi du astigartarrak. Gaurko erlojupekoa izango da erabakigarria, 8,4 kilometroko ibilbide gogorrarekin; eta espezialista da Azparren, bakarkako lan horretan. Tarteak txikiak, eta lidertza berreskuratzeko aukera dauka astigartarrak. Bihar, nahiko etapa laua izango dute, esprintean jokatzeko modukoa, baina gorantzako joera dute azkeneko kilometroek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!