Semifinaletara pasea izango dute jokoan gaur, Berria Txapelketan, Aritz Zubirik eta Oier Apezetxeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Oier Apezetxea, debuteko partiduan. Argazkia: Maialen Andres

Hurrengo fasera sailkatzea daukate jokoan, bi goizuetarrek. Irabazi beharra dauka Zubirik, Susperregirekin, Urrutia II eta Labakaren kontra. Apezetxeak, ordea, nahikoa du 29 tantora iristea, Aldaberekin batera, aurrera egiteko.

Berria Txapelketako bi partidu jokatuko dira gaur, arratsaldeko 16:30etan hasita, Galarreta frontoian. Eta horietan, goizuetar bana ariko da, semifinaletara pasea lortzeko asmoz. 

Jaialdiko aurreneko partiduan ariko da Oier Apezetxea, Aldaberekin batera, Etxarriren eta Martirenaren kontra. Apezetxearen debuteko partiduan, txapelketako estreinako partidua irabazi zuten goizuetarrak eta Aldabek, Loitegiren eta Zalduaren kontra; eta beraz, semifinaletara pasea bakarrik ez, B multzoko aurreneko postua ere izango dute jokoan: irabaziz gero, lider bukatuko dute. Semifinaletara sailkatzeko, berriz, nahikoa dute 29 tantora iristea.

Aritz Zubirik, ordea, irabazi beharra dauka gaur, semifinaletan izateko. Susperregirekin batera, Urrutia IIren eta Labakaren kontra ariko da, jaialdiko hirugarren partiduan. Bi bikoteek galdu dute bere aurreneko partidua, Goikoetxea Vren eta Odeiren kontra; eta A multzoko bigarren postua daukate jokoan, elkarren artekoan.

 

Semifinalak, datozen bi larunbatetan

Bi partidu horiekin bukatuko da ligaxka, eta semifinalak jokatuko dituzte, datozen bi larunbatetan. Horrela, martxoaren 26an, elkarren kontra ariko dira A multzoko lehenengo bikotea eta B multzoko bigarrena. Eta apirilaren 2an, B multzoko liderra eta A multzoko bigarrena izango dira aurrez aurre. Bi semifinaletako bikote irabazleek, apirilaren 9an jokatuko dute finala.

Gaurko bigarren partiduan, Endika Barrenetxea hernaniarra ariko da, Segurolarekin, Ezkurra II eta Azpirozen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!