Haur sahararrak hartzeko 'Oporrak Bakean' programa bueltan da bi urteko etenaldia eta gero

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 17a, 00:00

Familiak behar dira eta martxoaren 25a baino lehen jarri behar da harremanetan 943 33 70 17 zenbakian edo 'lankidetza@hernani.eus'-en.

Bi urteko etenaldiaren ostean, aurten bai, Euskal Herriko plazak saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren haurrez bete nahi dituzte Oporrak Bakean programaren bidez. Bi urteren ondoren, Oporrak Bakean programa martxan da.

Horregatik, udan  haur sahararrak beraien etxean hartzeko deia luzatu diete euskal herritarrei. Izan ere, pandemia eta gerra gehitu zaizkie ohiko arazoei; janari eta ur eskasia, udan 55 gradutik gorako tenperaturak, mediku errebisio gabezia.... 

Egoera arintzeko, ahalik eta haur gehienek uda gurean pasa dezaten, harrera familien bila dabiltza. «Bi hilabetez etxean beste kide bat gehiago izan nahi duten pertsonen bila gabiltza. Saharar herriarekin elkartasuna duten familien bila gabiltza. Mahaian beste plater bat gehiago jartzeko prest dauden pertsonen bila gabiltza. Uda ezberdin bat pasa nahi duten familien bila gabiltza».

Harremanetan martxoak 25a baino lehen jarri behar da eta konpromisorik gabe informatuko zaie interes dunei 943 33 70 17 telefono zenbakian edo lankidetza@hernani.eus helbidean.

 

«Gerra honek ez du interes mediatikorik»

Mundu mailako pandemiak bortitz jo ditu errefuxiatu kanpamentuak. Kanpo laguntzatik biziraun duen herri batentzat, mugak itxita mantentzeak ondorio larriak ekarri dizkio. Gaixotasun berak sortutako arazoez gain, paraleloki, hainbat eta hainbat eragozpen izan dituelako.

Pandemia honi komunikabideek isilean mantentzen duten gerra gehitu behar zaio. 2020ko azaroaren 13an Marokok su etenari amaiera eman ziolako, eta, ordutik, saharar soldaduak Lotsaren harresia babesten dirautelako. Eta ia urte eta erdi luzatu den gerra honek heriotzak ere ekarri ditu. Soldadu hauek Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurren aita, anai edo senideak dira, baina baita orain dela urte batzuk atzera gure herrietan harreran egondako haurrak ere.

«Bi urte eta gero, familiak berriro elkartuko gara, besarkatuko gara», aipatzen dute Oporrak Bakean programakoek. «Gerra honek ez du interes mediatikorik», salatzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!