Hego-haizeak Saharatik ekarritako hautsak Urumea bailara gorriztatu zuen atzo

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 16a, 00:00

Hernaniko Kale Nagusian hautsaren aztarnak begibistakoak ziren.

'Kalima' efektuak autoak eta lur zorua gorritu zituen eta asma daukatenek sumatuko dute datozen bi egunetan ere.

Sahara hegoaldeko hautsa bai­lararaino heldu zen atzo. Gauean eta goizaldean, hauts gorriak estali zituen kaleetako kantoiak, eta hego-haizearekin udaberri beteko tenperaturak izan ziren. Fenomeno historiko bat izan zen atzokoa, ez baita batere ohikoa iberiar penintsulako iparraldean horrelako eragina izatea. 'Kalima' egon, egon izan da, baina ez atzoko neurrian.

Ez zen espero Afrikatik zetorren lainoak hain irudi nabarmenak utziko zituenik. Kale kantoiez gain, gaua kanpoan igaro zuten ibilgailuak hauts gorri  batekin agertu ziren kapotaren gainean, eta laino-egun baten antzeko giroak itxura gorriz marraztu zuen zerua.
Nahiz eta ez den harritzekoa batzuetan fenomeno hori gure lurraldera iristea, atzoko gertaera «bereziki bizia» da, Margarita Martínek Aemetek Euskadin duen ordezkariak, aditzera eman zuenez.

 

Bihar arte iraun dezake

«Udaberria iragartzen du kalimak», dio Martinek. Presio baxuko masa bat da, Iberiar penintsulan erdigunea duena, Madrilen inguruan. Presio baxu hori erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan doa, eta hegoaldetik Mauritaniaraino eta iparraldetik Bizkaiko golkoraino iristen da, gutxi gorabehera Bordeleraino, adituak dioenez. Bira horretan, hego-ekialdeko haizea Afrika iparraldeko herrialdeetara iristen denean, Saharako hautsa altxatzen da, eta, gertakariaren intentsitatearen arabera, penintsula osoa zeharkatu eta Euskal Herira ere joan daiteke, atzokoa bezalako irudiak uzteko.

Haizearen kalitatea txarra izan litekeela azaldu dute adituek. Osasunari kalte egiterainoko ondorioak izan ditzake, besteak beste, arnasa hartzeko zailtasunak, begietako azkurea, eztula... Horregatik, arnasa hartzeko zailtasunak dituztenei maskararen erabilera gomendatu diete.  

Abisu horia, haizeagatik 

Atzoko 21:00etatik, Hego Euskal Herrian abisu horia dago, haize-bolada bortitzengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, haizeguneetan 100 kilometro orduko ufadak izan daitezke. Hala, neurriak astearte honetako 15:00ak arte iraungo du. Nafarroan, bestalde, abisua egun osoan izango dute indarrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!