Hauts gorriz estalita esnatu da Urumea bailara

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 11:02

Nafarroan abisu horia dago, eta egun osoan izango dute indarrean. 

Sahara hegoaldeko hautsa bailararaino heldu da. Goizean, hauts gorriak estali ditu kaleetako kantoiak, eta hego haizearekin udaberrian gaudela dirudi. Fenomeno historiko bat da gaurkoa, ez baita batere ohikoa Iberiar penintsulan

Kale kantoiez gain, gaua kanpoan igaro duten ibilgailuak hauts gorri  batekin agertu dira kapotaren gainean, eta laino-egun baten antzeko giroak itxura gorriz marraztu du zerua.

Saharatik iritsi da hauts masa Euskal Herrira, eta ondorioz, haizearen kalitatea txarra izan litekeela azaldu dute adituek. Osasunari kalte egiterainoko ondorioak izan ditzake, besteak beste, arnasa hartzeko zailtasunak, begietako azkurea, eztula... Horregatik, arnasa hartzeko zailtasunak dituztenei maskararen erabilera gomendatu dute. 

'Kalima' 

Atmosferan jazotzen den eguraldiaren fenomeno bat da. Airean harea eta hauts partikulak daudenean gertatzen da, eta, kasu batzuetan, lurra eta errautsak ere izaten ditu.

Abisu horia, haizeagatik 

Atzoko 21:00etatik, Hego Euskal Herrian abisu horia dago, haize-bolada bortitzengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, haizeguneetan 100 km/h-ko ufadak izan daitezke. Hala, neurriak astearte honetako 15:00ak arte iraungo du. Nafarroan, bestalde, abisua egun osoan izango dute indarrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!