Enekoitz Azparren 17garren, Aiztondo Klasikoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 00:00

Enekoitz Azparren (eskuinean), taldekide batekin.

Ander Amonarrizek eta Telmo Semperenak ere bukatu zuten proba entzutetsua, 40garren eta 82garren.

Gipuzkoako proba garrantzitsuenetako bat jokatu zuten igandean, afizionatuetan, Urumea bailaratik gertu: Aiztondo Klasikoa izan zen, Larraulen hasi eta Alkizan bukatuta, 140 kilometroko ibilbidean. Bailarako hiru txirrindularik hartu zuten parte, eta Enekoitz Azparren astigartarra izan zen helmugan aurrenekoa, 17garren postuan. Fernando Tercero irabazlea baino minutu bat beranduago helmugaratu zen. Ez zen urruti iritsi Ander Amonarriz hernaniarra ere, 40garren, 2:31ra. Eta proba osatu zuen Telmo Semperena astigartarrak ere, 82garren postuan. 174 txirrindularik hartu zuten parte, eta 117k bukatu zuten lasterketa. Taldekako sailkapenean, hirugarren bukatu zuen Amonarrizen Telco.M taldeak. Laugarren sailkatu zen Mikel Mujika, hernaniarraren taldekidea.

Emakumezkoek, berriz, Atarrabian izan zuten lasterketa igandean, Cachornaren Oroimenezko proba, 95 kilometroko ibilbidearekin. Elite eta jubenil mailako probak jokatu ziren, eta 35garren sailkatu zen Naya Mangas hernaniarra, elitekoen artean, talde nagusitik minutu eta 13 segundura.

Eta gazteagoek, larunbatean jokatu zituzten beraien lasterketak. Jubenil mailako txirrindulariak Mutrikun aritu ziren, Atxukale Sarian, 87 kilometroko ibilbidearekin. 69garren helmugaratu zen Aner Zilbeti hernaniarra, bertan. Eta kadeteek, Zarauztarra Saria izan zuten Zarautzen, 45 kilometroko ibilbidean. 23garren helmugaratu zen Aimar Capdequi astigartarra, aurreneko multzo nagusian; eta 78garren izan zen Intza Navarro hernaniarra. Seigarren izan zen Navarro, emakumezkoen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!