Garaipenak hernaniarrek eta porrotak astigartarrek, jardunaldi honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 00:00

Leire Olasagasti kapitaina geldiezin, Oiartzunen aurkako norgehiagokan.

Ohorezko Erregional mailan, Hernaniko neskek 3-1 garaitu zuten Oiartzun, eta mutilek 4-1 Allerru.

Asteburu borobila izan da Hernaniko futbol talde nagusientzat. Hain zuzen, garaipena lortu dute Ohorezko Erregional mailan eta berdinketa Jubenil Nazional mailan. Mundarrok, berriz, kontrako emaitzak jaso ditu. Porrota izan dute bi taldeek Erregional preferentean.  

Ohorezko Erregional mailan, nesken taldeak Oiartzun izan zuen aurrez aurre, bigarren sailkatua, eta 3-1 amaitu zen norgehiagoka. Partidu zaila zegoen aurreikusita, baina hernaniarrak ezin hobe aritu ziren, eta lehenengo zatian 2-0 aurreratu ziren markagailuan Navarroren eta Cesiaren golekin. Bigarren erdian ere erritmoari eutsi zion Hernanik, nahiz eta Oiartzunek golerako zenbait aukera izan zituen. Malenen alboko sake batekin etorri zen hirugarrena, Sylviaren burukada baten ostean Cesiak sartu zuen hirugarren eta azken gola. 

Mutilen taldeak Allerruren aurka neurtu zituen indarrak, Zubipen. Aurreko partidua irabazita, berdeek indarberrituta hasi zuten partidua. Maila bikaina erakutsi zuten, eta 4-1eko garaipen borobila lortu zuten Lizaren, Bereziren, Oyarbideren eta Elizalderen golekin. 

Jubenil Nazional mailan, 1-1 berdindu zuten hernaniarrek. Eibar izan zuten aurkari, etxetik kanpo, eta Avilaren golari esker, sailkapenean puntu bat gehitzea lortu dute berdeek. 

 

Mundarrok, garaipenik ez

Erregional preferente mailan, Mundarroko nesken taldeak 3-2 galdu zuen Intxaurdiren aurka. Mutilenak, aldiz, Ikasberri izan zuen parez pare, eta 1-3ko porrota jaso zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!