Desenpatean ihes txapelak, Etxebesteri

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 00:00

Lehendakari Torneoko aurreneko postuan berdinduta bukatu zuen astigartarrak, baina Izagirre izan zen nagusi.

Lehendakari Torneoko aurreneko postuan berdinduta bukatu zuen astigartarrak, baina Izagirre izan zen nagusi.

Lehia bizi-bizia izan dute Joxe Mari Etxebeste astigartarrak eta Jokin Izagirre segurarrak, Lehendakari Txapelketa osoan zehar; eta ezin estuagoa izan da bukaera: berdinduta bukatu zuten igandean, Ategorrietan; eta desenpatean egin zion ihes txapelak, astigartarrari.

138na brilarekin iritsi ziren biak, laugarren eta azkeneko tiraldira. Eta aurreko astean Seguran egin bezala, 48na brila jo zituzten Etxebestek eta Izagirrek, Ategorrietan. Horrela, 186 brilarekin bukatu zuten txapelketa biek, eta desenpatean jokatu behar izan zuten txapela.

48 brila bota zituen Ibon Miner ereñotzuarrak ere, igandean; eta horiekin, hirugarren postuan bukatu du txapelketa, 182 brilarekin. 48 brila lortu zituzten Fermin Zuloaga eta Mikel Arroio hernaniarrak ere, eta 47rekin bukatu zuten Leandro Miner ereñotzuarrak eta Miel Arrozpide hernaniarrak. Gizonezkoen sailkapen nagusian, 165 brilarekin berdinduta bukatu dute Fermin Zuloagak eta Mikel Arroiok, 21garren eta 22garren; Leandro Miner 25garren izan da (159 brila), Aner Miner 26garren (150), eta Miel Arrozpide 30garren (143).

 

Martxeli Kanflanka seigarren, emakumezkoetan

Emakumezkoetan, berriz, Beatriz Unzue villabonarra izan da txapeldun, 170 brilarekin. Seigarren bukatu du Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak, 129 brilarekin, igandean Ategorrietan 33 bota ondoren. Zortzigarren izan zen bertan. Azkeneko tiraldi horretan, Rosa Santos astigartarra ere aritu zen, eta bosgarren izan zen, 38 brila botata.

Toka tiraldia ere izan zen Ategorrietan, eta hirugarren bukatu zuen Leandro Minerrek, bigarrenarekin berdinduta. 11 jo zituen ereñotzuarrak, eta 12 Antonio Amundarain irabazleak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!