Sagardotarako sagarrondoen landaketetarako, dirulaguntzak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 13a, 00:00

Sagardotarako sagarrondoen landaketarako bideratu dituzte dirulaguntzak.

Eskaera aurkezteko azken eguna apirilaren 6a da. 325.000 euroko aurrekontua izango da. 

Zabalik dago sagardotarako sagarrondoen landaketetarako dirulaguntza eskatzeko epea. Interesa dutenek apirilaren 6aren aurretik aurkeztu beharko dute Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan. Hain zuzen, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik 20 laneguneko epean. Deialdi honetarako, denera, 325.000 euroko aurrekontua bideratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

 

Kontuan hartu beharrekoak

Dirulaguntzak elkarren arteko lehiarik gabeko prozeduraren bidez emango dira, betiere, aurrekontuaren mugen barruan. Hala ere, lehentasuna emango zaie sagardiak jartzeko inbertsioei, makineria berezia erostekoen aurrean. Azken horiek laguntza jaso ahal izango dute baldin eta sagardiak jartzeko inbertsioetarako aurreikusitako laguntza zenbateko osoan eman ondoren, deialdiko kreditua agortu ez bada. 

Horrekin batera, eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriei dagokienez, jakin beharrekoa da kasu guztiei dagozkien dokumentuez gain, eskatzailea bakarkako titularra, frutazaina edo sagardo egilea bada, bestelako dokumentuak ere aurkeztu beharko direla. 

Xehetasun guztiak martxoaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aurki daitezke: https://labur.eus/gQaRe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!