Mankomunitatea «indartzeko» aurrekontu-proposamena, EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 00:00

Enpresei laguntzeko eta ekintzailetza bultzatzeko baliabide gehiago jartzeko proposamena aurkeztu dute hiru Udalek. 

Beterri-Buruntza Mankomunitatea «indartzeko eta eskualdeko beharrei erantzuteko» aurrekontu-proposamena aurkeztu dute EH Bilduko ordezkariek. Azaldu dutenez, EAJ-PNVk eta PSE-EEk gidatzen duten Mankomunitateko lehendakaritzak aurkeztutako aurrekontua «murritza» da eta «ez die eskualdeko beharrei egoki erantzuten». Hori horrela, besteak beste, «enpresei laguntzeko eta ekintzailetza bultzatzeko» baliabide gehiago jartzeko proposamena aurkeztu dute Astigarragako, Hernaniko eta Usurbilgo Udalek.

Hori horrela, sortu berri den Beterri-Buruntza Mankomunitateak lehenengo aurrekontua izango du, orain arte sei Udalen arteko hitzarmen bidez eman baitira garapen sozioekonomikoaren gaineko zerbitzuak. EH Bilduko ordezkarien iritziz, «anbizioz ekin behar zaio Mankomunitatearen ibilbideari eta, horretarako, eskualdeko enpresa eta herritarrei behar bezala erantzungo dizkien baliabideak martxan jartzea funtsezkoa da».

 

Aurrekontuen %13ko igoera egiteko proposamen zehatza

EH Bilduk aipatu du Mankomunitatearen aurrekontua osatzeko beharrezkoa dela «Beterri-Buruntza eskualdearen errealitatea ezagutzea eta egokitzea». Emandako datuei erreparatuta, eskualdean 73.300 biztanle eta 6.800 enpresa inguru gaude. Horren haritik, hauxe zehaztu dute: Mari Jose Izagirre Mankomunitateko lehendakariak aurkeztutako aurrekontuak ez dio, gure ustez, inolaz ere errealitate horri erantzuten». Hori dela eta, aurrekontuan %13ko igoera egiteko proposamen zehatza aurkeztu dute Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo ordezkariek. Igoera horiek, besteak beste, honako behar hauetara bideratzea proposatu dute:

Alde batetik, enpresa eta ekintzailetzara bideratutako bi teknikari izatea lanpostuen zerrendan. «Eskualdearen errealitatea ez dator bat lehendakariak proposatutako teknikari bakarra egotearekin. Bistan da ez dela nahikoa beharrei erantzuna emateko. Gaur-gaurkoz bi teknikari ezinbestekoak dira enpresei aholkularitza eman eta Iturola Elkarlan Sorgunean dauden ekintzaileei akonpainamendu zerbitzua emateko».

Beste alde batetik, proposatu dute euskera eta komunikazio teknikari bat txertatzea lanpostuen zerrendan. 2022ko otsailean izandako Gobernu Batzordean, aho batez, aldeko irizpena eman zaie Mankomunitatearen hizkuntza irizpideei. Bertan, barne-mailan egin beharreko lanaz gain, enpresa munduan euskera sustatzeko konpromisoa ere hartu dute. «Euskeraren normalizaziorako berebiziko garrantzia du lan-mundua euskalduntzeak, eta beharrezkoa da funtzio horiek garatuko dituen teknikaria izatea».

Eta, azkenik, komunikaziorako partida haunditzea. Izan ere, «mankomunitatea erakunde berria izanik, beharrezkoa da bere jarduna herritarrei eta enpresei erakustea».

Aurreko guztia kontuan hartuta, aipatutako proposamenak 2022ko aurrekontuan txertatzea eskatu dute, «hiru udalerrietako ordezkarien iritziz, Mankomunitatearen egitura sendotzeko balioko luketelako eta, modu horretan, hobeto erantzungo litzaiekelako eskualdeak dituen beharrei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!