Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioak gaur Urumea bailaran, eta herritarrak prest borrokarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 00:00

Emakumeon Etxean izan ziren atzo, emakume astigartarrak, martxoaren 8ko aldarrikapenerako materiala prestatzen.

Makina bat aldarrikapen jarduera egingo dira gaur, Urumea bailaran. Mobilizazioak izango dira Hernanin, Astigarragan, Aranon eta Goizuetan, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela oihukatzeko. 

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta dagoeneko Urumea bailara morez margotu da. Herritarrak kalera aterako dira, emakumeen eskubideak aldarrikatzera, eta egitarau potoloa prestatu dute Goizuetan, Aranon, Astigarragan eta Hernanin. 

Morez apainduko dituzte balkoiak Goizuetan, eta arratsaldeko 18:00etarako, zita jarri du Goizuetako Emakume Taldeak, kalejira baten bueltan biltzeko, herriko plazan. Ondoren txokolatada eginen dute. Aranon, berriz, arratsaldeko 20:00ak aldera, kontzentrazioa antolatu dute herriko emakumeek, eta bertan, ozen aldarrikatuko dituzte emakumeen eskubideak, besteak beste. Horrez gain, larunbaterako, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, hainbat ekintza egingo dira, eta horietako bat izango da  5 eta 10 urte bitartekoentzat eskainiko den ipuin kontaketa (Berdintasuna maite dugulako). Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera ekintzari, eta 19:00etan, Berdintasun batzordeak antolatuta, Zauriak dokumentalaren emanaldiaz gozatzeko aukera izanen dute herritarrek. Gaueko 21:00ak aldera, berriz, larunbata agurtzeko, herriko emakumeen afaria antolatu dute. 

Hernanin martxo hasieratik ari dira herritarrak feminismoa aldarrikatzen, eta gaurtik hila amaitu arte ere bide horretatik jarraituko dute. Gaurkoan, Gaztelekuak bat egin du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Horretarako, txapa eta lema feministak egingo dituzte Gaztelekuan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Arratsaldeko 18:30etarako, berriz, Koordinadora Feministak antolatuta, manifestazioa egingo da, herriko kaleak hartuz. Hiru zutabetatik abiatuko dira herritarrak: batzuk Zikuñagatik, beste batzuk Etxeberritik, eta gainontzekoak Zerbitzu Sozialetatik. Manifestazioaz gain, Hernaniko musika eskola publikoak antolatuta, emakume musikagileek kontzertu eskainiko dute gaur arratsaldeko 18:30etan, Biterin. Musika eskolako ikasleek ere hartuko dute parte.  

Etzi, Gure hots dokumentala proiektatuko dute Kulturarteko Plaza Feministan, arratsaldeko 18:00etan hasita. Proiekzioarekin, hainbat arlotako emakumeen ahotsak entzuteko aukera egongo da, Arrate Fernandez Itxaso zuzendariaren eskutik. Ostiralean, Irene Arraratsek solasaldia eskainiko du, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua liburuari buruz. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera, Kulturarteko Plaza Feministan. Euskeraz izango da solasaldia, hala ere, antolatzaileek aditzera eman dute Gaztelaniara itzuliko dela. Larunbatean, Geuretik Sortuak egitasmoaren baitako Trapu zikinak antzerkia eskainiko da, arratsaldeko 19:30etan hasita, Kulturarteko Plaza Feministan. Lore More antzerki taldearen eskutik izango da, euskeraz. 

Hurrengo asterako ere ekintza mordoa antolatu dira, eta asteko lehen ekintza izango da Emakumeak eta atzerritartasun legea hitzaldia. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitarte ariko dira gaiaz, eta gaztelaniaz egingo dute, Kulturarteko Plaza Feministan. Asteartean, Ikasketen homologazioa gaia landuko du Amherrek, arratsaldeko 18:30etan hasita, gaztelaniaz. Ekintza hau ere, Kulturarteko Plaza Feministan izango da. 

Hilaren 22rako, Osakidetzako prozedurak eta bizipenak jarriko dira erdigunean, Abortua hemen eta orain hitzaldiarekin. Eta martxoaren 25ean, Saretuzek antolatuta, dantza topaketak antolatu dira. Bertaratzeko izena eman behar da, eta epemuga martxoaren 18a izango da. Hilaren 26rako, berriz, eragileentzat topagunea antolatu da: Komunitatea zaintzen. Arremanitz Kooperatibak antolatu du, eta goizeko 10:00etan emango zaio hasiera jarduerari. Hilabetea amaitzeko, emakume arrazializatuen bizipenak lan munduan gaia landuko da, antolatu den mahai inguru baten bueltan. Iturolan eskainiko da, arratsaldeko 18:00etan hasita. 

 

Martxoaren 8arekin bat, Hernaniko Udala   

Antolatutako ekintzekin bat egin dute Hernaniko Udaleko alderdi politiko guztiek, eta konpromisoa berretsi dute berdintasunaren arloko politiken diseinuan eta plangintzan aurrera egiteko. Zehazki, konpromisoa hartu nahi dute erronka hauetan aurrera egiteko: «berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz; ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa; herritarren sentsibilizazioan sakontzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak daudela bermatuz, bereziki gizonak eta haurrak; berdintasunaren aldeko eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz; erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea; eta azkenik, zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz». Amaitzeko, honako mezua helarazi nahi izan diete udaleko alderdi politikoek herritarrei: «martxoaren 8a dela eta, hernaniar guztiei dei egiten diegu herriko mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan par­te har dezaten!». 

 

Morez jantziko da gaur, Astigarraga ere 

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Astigarragan atzo hasi ziren motorrak berotzen, eta gaur, noski, jarraipena izango dute jarduerek. Eguerdiko 12:15etan, udaletxe aurrean, kontzentraziorako deia luzatu dute; eta arratsaldeko 16:00etan, Emakumeon Etxean jarri dute hitzordua, pastak eta kafea hartzeko. Behin merienda amaituta, arratsaldeko 17:15etan, Emakumeon Etxetik hasita, manifestazioak hartuko ditu Astigarragako kaleak, eta 17:40etan, Donostiara abiatuko dira astigartarrak autobusean, bertako mobilizazioarekin bat egiteko. 

Astigarragako Udalak nabarmendu du bat egingo duela atzo eta gaur antolatutako ekintzekin, eta hainbat konpromiso hartu ditu; besteak beste, «Astigarragako III. Berdintasun Plana garatzen jarraitzea; Berdintasun Teknikariaren lan baldintzak egonkortzeko hautaketa prozesua amaitzea; emakumeek historian zehar eta gaur egun Astigarragari egin dioten ekarpena erakusteko ekintzak antolatzen jarraitzea; 2021 urtean egindako zaintza lanen eta kontziliazioaren diagnostikoak agerian utzi dituen beharrei erantzuteko lanketa egitea...».

 

ARANON

Gaur

-20:00ak aldera, kontzentrazioa plazan, emakumeek antolatuta. 

Martxoak 12 
-17:00etan, ipuin kontaketa:
Berdintasuna maite dugulako. 5-10 urteko haurrentzat.
-19:00etan,
Zauriak dokumentalaren emanaldia, Berdintasun Batzordeak antolatuta.
-21:00etan, herriko emakumeen afaria.

 

ASTIGARRAGAN

Gaur

-12:15etan, kontzentrazioa, udaletxe aurrean.
-16:00etan, kafea eta pastak, Emakumeon Etxean.
-17:15etan, Emakumeon Etxetik hasita, manifestazioa herrian barrena. Ondoren, Donostiara autobusa hartuko dute, 17:40etan.

 

GOIZUETAN

Gaur

Kalejira Goizuetako plazan, 18:00etan hasita; eta ondoren, txokolatada. Goizuetako Emakume Taldeak antolatuta.

 

HERNANIN

Gaur

-Bazkaria Goiz Eguzkin.

-17:30etan, txapa eta lema feministak, Gaztelekuan.
-18:00etan, mobilizazioa Plazatik, Itaiak antolatuta. 
-18:30etan, manifestazioa, Koordinadora Feministak antolatuta. Zikuñagatik, Etxeberritik eta Zerbitzu Sozialetatik abiatuko dira zutabeak.

-18:30 Emakume musikagileen kontzertua, Biterin. 

Martxoak 10,

Gure hots dokumentala, 18:00etan Plaza Feministan. Hainbat arlotako emakumeen ahotsak, Arrate Fernandez Itxaso zuzendariaren eskutik.

Martxoak 11

Solasaldia Irene Arraratsekin, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua liburuari buruz. 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan. Euskeraz, gaztelaniazko itzulpenarekin.

Martxoak 12

Antzerkia: Trapu zikinak, Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan. 19:30etan Kulturarteko Plaza Feministan, Lore More antzerki taldearen eskutik.

Martxoak 14

Hitzaldia: Emakumeak eta Atzerritartasun Legea. 18:00etatik 20:00etara, Kulturarteko Plaza Feministan, Amherrek antolatuta.

Martxoak 15 

Hitzaldia: Ikasketen homologazioa. 18:30etan, Kulturarteko Plaza Feministan, Amherrek antolatuta.

Martxoak 22 

Hitzaldia: Abortua hemen eta orain; Osakidetzako prozedurak eta bizipenak. 19:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan.

Martxoak 25

Dantza topaketak. 19:15etatik 20:30etara, Kulturarteko Plaza Feministan, Kultza dantza taldearen eskutik. Izenematea zabalik martxoaren 18ra arte: kulturartekoplazafeminista@hernani.eus edo 943 33 70 17.

 

 

«Borroka independiente bat sortu behar dugu; konturatu behar gara bizi dugun errealitatean emakumeen lan baldintzak okertzen ari direla»

 

Gaur arratsaldeko 18:00etan, mobilizaziorako deia luzatu du Buruntzaldeko Itaiak, eta bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei: «Sozialismoaren norabidean, gaurdanik hasita, zapalkuntza ezberdinen aurka antolatu eta borrokatu behar dugu». 

Itaiako kideek argi dute egunero dela borrokarako eguna: «Alde batetik, esan nahi dugu, martxoak 8 bezalako eguna garrantzitsua dela, noski, borroka eguna delako. Baina azken aldian hartu du izaera informal bat. Askok  hartu dute jai egun gisa, eta argi eduki behar dugu ez dela jai egun bat, baizik eta borrokarako egun bat. Guk, Itaiatik, martxoak 8 bezalako egun bat, egunero bizitzen dugu eta egunero borrokatu behar dela uste dugu. Egia da garrantzitsua dela horrelako egunak markatzea, horrek jendea batzea eragiten baitu, denak aldarrikatzera ateratzen dira, eta hori positiboa da».

Itaiak gaurko egunean honakoa aldarrikatuko du, besteak beste: emakumeen lan baldintzen okertzea; zaintza lanen lan karga haunditzea; hipersexualizazioaren normalizazioa eta indarkeria matxistaren forma berriak; alderdi politiko parlamentarioek eta feminismoak, aitortza formalera bideratutako politikek, ez diotela aterabiderik ematen emakume langileon egoerari; eta emakumeon zapalkuntza egoera gainditzeko berme bakarra estatu sozialista eraikitzea dela. 

«Oro har, pandemiak kri­­si garaia areagotu egin du, eta baldintzak okertu egin dira arlo askotan; emakumearen lan egoera, adibidez. Itaian konturatu gara, emakume langileen esku geratzen direla lan prekarioenak. Horren ondorioa da lan kaxkarrak edukitzea, ekonomikoki dependentzia edukitzea.... Gainera, pandemiarekin, jendeak lanpostuak galdu ditu, eta askok, gehienak emakumeak, zaintza lanak egin dituzte. Errealitatea da, beraz, emakumeen egoera lan munduan okertu egin dela». 

Hipersexualitateak duen garrantziaz ere jardun dute Itaiako kideek, aipatuz gaur egun «oso presente dagoela. Sare so­zialetan, hipersexualitatea izugarri areagotu da, eta emakumeen gorputza aspalditik erabili bada ere, orain gorputz idealizatuak erakusten dituzte. Emakume langileak ezin du horra heldu, eta ondorioz, geure buruarengan segurtasunik ez izatea eragiten du, antsietateak, depresioak... Azkenean sortzen dute gorputz kanon bat, ezin duguna lortu. Eta honek guztiak emakumea bigarren plano batean uzten du, eta bortitza bada ere, eguneroko indarkeria matxista normalizatzea dakar». 

 

Zergatik beste mobilizazio bat? 

Buruntzaldeko Itaiak gaur arratsaldeko 18:00etarako jarri du mobilizatzeko hitzordua, eta arrazoiak mahai gainean jarri ditu: «guk uste dugu mundua gero eta feministagoa dela, instituzioak ere gero eta feministagoak dira, baina emakume langileen egoerak okerrera egin du. Horrexegatik, gogoeta bat egitera animatu nahi dugu jendea: benetan feminismoa bide egokitik ari gara eramaten? Edo beste alde batetik begiratu behar dugu? Itaiako kideok, pentsatzen dugu beste alde batetik begiratu behar dela, bilatu behar dugu zein den arazoa, eta guztiz aldatu. Azken batean, gero eta feministagoa den mundu batean, emakumeen baldintzak okertzen ari dira».

Horretarako, bide berri bat proposatu du Itaiak: «borroka independiente bat sortu behar dugu; izan ere, instituzioak gero eta feministagoak badira ere, errealitatean baldintzak okertzen doaz. Eta hor badago ihes egiten digun zerbait».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!