Garaipen bana, mutilen bi talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 00:00

Mundarrok 32-65 menderatu zuen Eibar, eta Hernani 46-66 nagusitu zen Debasketen kontra.

Garaipen erosoak lortu dituzte bailarako bi taldeek, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan. Ligako azkeneko bi taldeen kantxetan aritu dira asteburuan, eta ondo bete dituzte eginbeharrak: Mundarrok 32-65 irabazi zuen Eibarren, eta Hernanik 46-66 Debasketen kantxan, Deban.

Hasieratik izan zen nagusi Mundarro, Eibarren kontra. Aurreneko laurdena bukatzerako, 13 punturen aldea zuen markagailuan (7-20), eta haunditu egin zuen bigarren laurdenean (14-31). Baina aldageletatik bueltan, lasaitzetik urrun, aldea haunditzen jarraitu zuten astigartarrek, etengabe. Unai Odriozola izan zen protagonista, 25 puntu sartuta; eta 16 puntu gehitu zituen Ivan Ascasok.

Berdinduagoa izan zen Hernaniren partiduaren hasiera, eta 12-12 bukatu zuten aurreneko laurdena. Baina hortik aurrera, bere nagusitasuna erakutsi zuen Hernanik: 18-28 aurreratu zen atsedenaldira iritsi aurretik, eta beste 10 punturen aldea lortu zuen hirugarren laurdenean (27-47), partidua erabakita uzteko. Ander Berrondo eta Hodei Noble izan ziren taldeko saskiratzaile onenak, bakoitzak 18 puntu lortuta.

Asteburuan lortutakoarekin, 10 garaipen ditu Mundarrok, eta zazpi Hernanik, 19 partidu jokatu dituztenean. Zazpi partidu falta zaizkie bi taldeei, txapelketa bukatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!