Korrika Eguna ospatuko dute gaur Atsegindegin, goiz osoko festarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Korrika badatorrela iragarriko du gaurko festak, Hernanin.

Goizeko 10:30etan hasita, jolasak, dantza eta kantu emanaldiak eta triki-bertso poteoa izango dira.

Martxoaren 31n abiatuko da Korrika Amurriotik, eta apirilaren 10ean iritsiko da Astigarragara eta Hernanira, Donostian bukatu aurretik. Baina motorrak berotzen hasteko, Korrika Eguna ospatuko dute bi herrietan. Gaur bertan izango da ospakizuna Hernanin, goiz osoan zehar.

Ekintzak Tilosetan egitea aurreikusi zuten, baina eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegin izango dira. Hain justu, euria espero da gaur, eta beraz, litekeena da bertan izatea festa. Goizeko 10:30etan hasiko da, haur eta gazteentzako ekintzekin, Kanika aisialdi taldearen eta Gaztelekuaren eskutik. Eguerdira arte izango da hori, eta orduan, 12:00etan, emanaldia eskainiko dute Ttarla dantza taldeak eta Kantuz abesbatzak. Eta ekitaldi horretan bertan, omenaldia egingo diete, aurtengo Korrikaren Hernaniko omenduei.

Eta segidan, Kaxkoko taber­ne­tan jarraituko du festak, triki-bertso poteoarekin, Paulo Tti­kiya bertso eskolaren eskutik. 12:30etatik 14:00etara izango da.

Hernaniko AEK euskaltegiak herritar guztiak animatu di­tu, ekintzetan parte hartu eta Korrikaren alde egitera.

 

Astigarragan, gaur zortzi

Datorren larunbatean izango da Korrika Eguna, aldiz, Astigarra­gan. Goizeko 10:00etatik aurrera, denetik izango da: pelota par­ti­duak, zirku ikuskizuna, dantza, aurpegi margoketa, bertso-bazkaria, txaranga...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!