Donostiako Lilatoian, hiria morez jantziko da bihar goizean, milaka emakumeren partehartzearekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Astigarragako emakumeen korrika taldeko zenbait kide.

Goizeko 10:30etan abiatuko dira Bulebarretik, eta aldarrikapenez betetako 5 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Bertan izango dira Urumea bailarako emakume korrikalariak. Tren-zerbitzu berezia izango da partehartzaileentzat.   

Martxoaren 8aren bueltan motorrak berotzeko asmotan, Donostiako Lilatoia izango da bihar, hilaren 6an, goizeko 10:30etan. Betiko moduan, Urumea bailarako korrikalari mordoa izango da aurtengoan ere, berdintasunaren alde milioika pauso elkarrekin emateko prest. Bost kikometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta Bulebarra izango da irteera zein helmuga puntua. 

Joan den urtean, osasun egoera medio, ezinezkoa izan zen lasterketa ohi moduan egitea, eta formatu birtualean berresmatu zuten edizioa. Aurten, ordea, betikoa izango da Lilatoia, eta hantxe izango dira bailarako emakumeak. Gainera, aurten, Astigarragako emakumeek elkarrekin entrenatzeko aukera izan dute. Horretarako deia luzatu zieten Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak, Gaztelekuak eta Udalak Lilatoian parte hartzeko asmoa zuten herriko emakumeei eta korrikalariei. 

2020an, Donostiara bertaratu ziren 147 hernaniar, 55 astigartar eta hiru goizuetar. Ibilbidea osoa, berriz, 5.576 emakumek osatu zuten. 

 

Renfek, zerbitzu berezia

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Renfek tren berezi bat jarriko du Donostiara bertaratzeko, Brinkolatik abiatuta Donostiara arte. Goizeko 09:15etan iritsiko da helmugara, eta, Hernanin, goizeko 09:03etan eta 09:05etan egingo du geldialdia. Hori bai, tren hori ez da Renfeko webgune ofizialean agertuko, Lilatoiko korrikalarientzat eta laguntzaileentzat bakarrik baita. 

Horrez gain, Belodromo eta Benta-Berri kiroldegiko dutxak ere zabalik egongo dira korrikalarientzat, lasterketako dortsala erakutsita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!