Kartzela eta gaixotasuna jorratu ditu 'Tipularen sehaska kanta' pelikulak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Lander Garroren 'Tipularen sehaska kanta' dokumentala proiektatuko dute Biterin, asteazkenean.

Lander Garroren ikus-entzunezkoa da, eta Biterin proiektatuko dute asteazkenean, hilaren 9an. Arratsaldeko 19:00etan izango da proiekzioa, eta zuzendaria ere bertan izango da.  

Sarek antolatuta, Udalarekin elkarlanean, Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentala proiektatuko dute hilaren 9an, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Zuzendaria ere bertan izango dela aurreratu dute antolatzaileek. 

Kartzela eta gaixotasuna da Garroren ikus-entzunezkoaren gaia. Mezu sakona helarazteko eta puri-purian dagoen auzia jorratzeko ekoiztu da pelikula. Honako hauxe da sinopsia: «Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina, preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik haratago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografiko baten bidez. Film poetikoa baino gehiago film artistikoa da. Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta festetatik kontatua. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nanas de la cebolla abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?».

«Espetxean ez dago aukerarik gaixotasuna behar bezala zaintzeko»

Ibon Fernandez Iradi preso hernaniarrari Sarek egindako elkarrizketa. 

 

Ibon Fernandez Iradi. 
 
HERNANIKO SARE

 

Urteak dira larriki gaixorik preso daudenen egoera latza salatzen ari dela euskal gizartea. Denbora aurrera doa, baina egoera mingarri horri ez zaio heltzen, eta gero eta gehiago dira osasun-arazoengatik sufrimenduaren zurrunbiloan harrapatuta gelditzen diren presoak. Gai latz hori du ardatz datorren astean, martxoaren 9an, Lander Garroren Tipularen Sehaska kanta izeneko dokumentalak. 

Jakina denez, Ibon Fernandez eta Gari Arruarte hernaniarrek gaixotasun larria dute, eta luze daramate preso. Garik alde biko uveítis akutua eta espondilitis ankilopoietikoa dauka, eta Ibonek, aldiz, esklerosi anizkoitza. Azken honek hartu du parte Garroren dokumentalean, bere egoera hurbilagotik ezagutzeko aukera emanez. Filmaren aitzakian, hortaz, Ibonen bizipenak ekarri ditugu lerro hauetara, kartzela barruko egunerokoan ezinegona eta arazoak norainokoak diren ikusarazteko.

 

Zer moduz zaude? Nola daramazu zure osasun-egoera kartzela barruan?

Egunerokoan baditut minak eta sintomak, zeren baditut hainbat lesio definitiboak direnak. Kartzela ez da inorentzako lekua, are gutxiago gaixotasun kroniko bat duen pertsonarentzat. Maila horretan, espetxean, ez dago aukerarik gaixotasuna behar bezala zaintzeko eta oztopoak haundiak izaten dira: kontsultak lortzeko, behar duzun zaintza lortzeko, eta abar.

 

Zenbat urte daramazu gaixorik? Eta tratamendua jasotzen?

Gaixotasuna, lehen aldiz, 2011ko urtarrilean azaldu zitzaidan, 11 urte paseak daramatzat eta diagnostiko zehatz bat edukitzeko bi urte joan ziren, 2013ko hasieran izan zen. Gaixotasuna agertu eta espetxean oztopo ugari izan dut: diagnostikorik gabe sintoma larriekin egonik, ez ninduten ospitalera ateratzen, eta horrek diagnostikoa izugarri atzeratu zuen; ondorioz, tratamenduarekin hastea ere, asko, izugarri, atzeratzea ekarri zuen.

 

Nola eragiten dizu gaitzak eguneroko bizitzan?

Egunekoan, baditut minak eta sintomak (parestesiak…). Parestesiak, adibidez, zure gorputzean eroso sentitzen uzten ez dizuten sintomak dira, azalean taktoa diferentea da, desatsegina… neke kronikoa, eta baditut hainbat sintoma egunerokoa zailagoa eta mugatuagoa egiten dutenak. Kartzelan, horrekin, ahal den moduan... egunerokoa ez da erraza, ahal den bezala kudeatzen dut.

 

Laguntzarik jasotzen al duzu kartzelan zure gaixotasunari aurre egiteko?

Laguntzarik ez, kontsultak eta, teorian urtero izaten ditut, baina praktikan ez da betetzen. Adibidez, neurologoaren esanetan ere, behar ditut fisioterapeutaren 3 kontsulta astean, eta hori ez da inondik ere betetzen; 15 egunetik behin, hainbatetan, baina ez beti. Ez daukat behar nukeen laguntza. Ez da bereziki espetxeko arduradunen borondate txarra, baina espetxea ez da leku egokia gaixotasun kroniko bat artatzeko, ez daude baldintzak, eta nire kasuan, espetxeko arduradunek berek ere onartu dute ez dagoela baldintza egokirik nire gaixotasuna modu egokian artatzeko.

 

Konfiantzazko medikuek jarraipena egiteko aukerarik badute? Espetxean sartzen al dira?

Nire kasuan bai. Sartzen da espetxean, tarteka ikusten nau, baina kontuan izan behar da nire gaixotasunaren eboluzioa neurtzeko ez dela kontua bakarrik mediku batek ikustea, baizik eta beste hainbat froga behar ditut: erresonantzia magnetikoak behar ditut, adibidez, eta horiek ez ditut behar adinako maiztasunarekin izaten.

 

Tratamendurako behar dituzun botikak pakete arruntaren bidez sar daitezke?

Ez, ez. Botikak, tratamendua... niri espetxeak botikak ematen dizkit, beste gauza bat da nik horrez gain fisioterapeuta maiztasun batekin behar dudala, eta maiztasun hori ez dela ematen. Behar ditudala kontsultak urtero neurologoarekin, eta ez da betetzen… eta gertatu zait 4 urtean ez eduki izana. Orain, 2 urte daramatzat neurologoa ikusi gabe… Behar den artatze edo zaintza horretan, beharko litzatekeen frekuentzia edo maiztasuna falta da. Botika bai, ematen didate, baina medikazio edo tratamendu hori egokitu behar da egin beharko nituzkeen eta egiten ez diren froga horietan ateratako emaitzetara…Froga horiek ez dira egiten behar den kadentziarekin.

 

Medikazioaz gain, gaitzari aurre egiteko behar dituzun bestelako premiak nola asetu daitezke kartzela barruan?

Ba  ahal den bezala, ez da batzuetan erraza, eta ez dira gaixo batek kanpoan dituen baldintza berberak. Saiatzen naiz, ezker-eskuin baimenak lortzen …oztopoz betetako bidea da.

 

Nola eragin dizu pandemiaren egoerak?

Ni arrisku haundiko talde batean sartuta nago gaixotasun kroniko eta auto-immune bat dudalako. Espetxean edozein infekzio errazago transmititzen da hemen dagoen jende pilaketagatik eta bertako bizimoduagatik. Eta COVID-a harrapatu nuen. Zorionez, ez zuen forma larri bat garatu, baina edozein infekzio dela eta, aukerak biderkatu egiten dira. Niretzat, edozein infekzio da esklerosi anizkoitzaren brote larri bat izateko arriskua haunditzen duen faktorea, zailtasun gehigarria da.

 

Kartzelak hartutako neurriei  buruz zer duzu esateko?

Nire kasuan, oztopo handiena ez da kartzelako zuzendaritza. Kartzelak onartu du, momentu batean, ni artatzeko ez dagoela baldintzarik eta kalean egon beharko nukeela. Epaileek hartu zuten ni espetxean uzteko erabakia, eta bereziki, fiskalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!