Hasi dute errepideko denboraldia Gipuzkoan, txirrindulariek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

Enekoitz Azparren (eskuinean), Colindreseko podiumean.

Udaberri Saria lehiatu zuten juniorrek, Eibarren. Enekoitz Azparren hirugarren izan zen Colindresen.

Hasi dute errepideko denboraldia, Gipuzkoan ere. Afizionatu mailan, Zumaiako Saria jokatu zen larunbatean; eta juniorretan, Udaberri Saria lehiatu zuten igandean, Eibarren. Bertan izan ziren Unax Urretabizkaia, Aner Zilbeti eta Ekhi Muñoz hernaniarrak. 78 kilometroko proban, aurrenekoetatik gertu iritsi zen Urretabizkaia, 23garren, 50 segundura. 44garren helmugaratu zen Zilbeti, eta 56garren Muñoz.

Gipuzkoan ez, Kantabrian aritu da Enekoitz Azparren astigartarra, asteburu honetan; eta bikain aritu da, lehiatu dituen bi probetan. Larunbatean, hirugarren sailkatu zen Colindresen, eta bi taldekiderekin igo zen podiumera, Laboral Kutxako Xabier Berasategi eta Unai Zubeldia izan baitzituen aurretik. Eta hurrengo egunean, igandean, protagonista izan zen Colindresen bertan, Jesus Pereda Memorialean. Helmugatik 50 kilometrora egin zuen ihes, Asón mendatean gora; eta erakustaldia borobiltzetik gertu izan zen. Azkenean, 15garren iritsi zen helmugara, eta mendiko saria lortu zuen.

Telmo Semperena laugarren, pistako Espainiakoan

Pistako denboraldia lehiatzen aritu da, aldiz, Telmo Semperena astigartarra; eta aurreko asteburuan, maila ederrean aritu zen Espainiako Txapelketan, madison proban. Espezialista onenen aurrean, laugarren izan zen astigartarra, Asier Pozo lasartearrarekin bikotea osatuta.

Probaren aurreneko erdian puntu gutxi lortu zituzten, eta aurreneko sei postuetatik kanpo ziren, 40 itzuli falta zirenean. Baina hortik aurrera, protagonista izan ziren: ihes egin zuten, eta itzuli askotan eutsi zioten lasterketa buruari. Horrela, hiru sprint irabazi zituzten segidan (bakoitzean 5 puntu eskuratuta), eta baita brontzezko dominaren lehian sartu ere. Baina laugarren bukatu zuten azkenean, 21 punturekin. Martorell eta Pallares izan ziren hirugarren, 25 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!