Lurrikara izan da bailaran, dantzek Inauterietako protagonismoa hartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 28a, 00:00

Iñudeetako bat bere haurra berreskuratzen, Joseba Barandiaran plazan dantzatu ondoren, Astigarragan.

Lurra dardarka jarri zuten atzo Goizuetan, Astigarragan eta Hernanin, mota guztietako dantzekin. Inauteri egun ederraz gozatu zuten haur, gazte zein helduek.

Erritmo biziko eguna izan zen atzokoa Urumea bailaran, Inauteriek jarri zuten martxarekin. Mota guztietako dantzek hartu zuten protagonismoa, eta lurra dardarka jarri zuten haurrek, gazteek zein helduek, Inauteri igande ederrak piztu zien ilusioarekin eta gogoarekin.


Astigarragan, Iñude eta Artzaien konpartsaren umore onak hartu zituen herriko kaleak eta plazak, txistulariek, txarangak eta danborradak markatutako erritmora. Hernanin ere, giro ede­rra jarri zuen Ttarla dantza taldearen konpartsak, herri oso­an barrena. Eta Goizuetan, ezin bereziagoa izan zen gaztetxoen Zahagi Dantza, bi urteko itxaronaldiari bukaera emateko, eta Inauteriei hasiera.

(Felix Loiarteren argazkiak)

Inauteriek segida izango du­te gaur, bailarako bi herritan. Hernanin, azkeneko festa eguna izango dute, bihar Sardinaren Ehorzketa egin aurretik. Hernaniko Soinua Elkartearen dianak herria esnatuta, itsasoko herri kirolak izango dira haurrentzat goizean, eta puzgarriak gaztetxoentzat arratsaldean, biak ere Atsegindegin.

Goizuetan izango da bereziagoa, gaurko eguna. Goizean goiz egingo dute irteera baserrietara, Mozorroek; eta ondoren, Akelarre itxura hartuko du herriak. Lur eta Amets pelikula ikusi eta txokolatadaz gozatuko dute arratsaldean, Mozorroak herrira iritsi aurretik.

Erlazionatuak

Iñude eta Artzaien konpartsa Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022 ots 27 Astigarraga

Hernaniko eta Astigarragako Inauteriak 2022

Kronika - Erredakzioa 2022 ots 27 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!