Egun haundia dute gaurkoa bailarako Inauteriek, lau haizetara zabalduta

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 27a, 00:00

Inuitak eta pinguinoak ere etorri ziren atzo, Hernaniko Inauteriez gozatzera. Eguneko argazki guztiak ikusteko: kronika.eus

Goizuetako Inauterien hasiera eta Astigarragako Iñude eta Artzaien konpartsa batuko zaizkie gaur, Hernanin segida izango duten ekintzei.

Mozorroz eta kolorez bete dira Hernaniko kaleak, aurreko bi egunetan, eta dantzan jarri dute herria, adin guztietakoek. Ospakizunek segida izango dute bertan, gaurkoan ere, Ttarla dantza taldearen konpartsaren irteerarekin (12:00), Hernani Musika Eskolako trikitilarien kalejirarekin (19:00), eta Tilosetan izango den Trash!!! ikuskizun umoretsuarekin (19:30).

Baina gaurkoa, bailara osoan izango da egun haundia, lau haizetara zabalduko baitira Inauteriak. Izan ere, bueltan dira Zahagi Dantza eta mozorroak Goizuetan, eta gaur hasiko dute lau eguneko festa haundia. Gaztetxoen Zahagi Dantzak emango dio hasiera, arratsaldeko 17:00etan; eta Garazi eta Gorka trikitilariek herria alaitu ondoren, aurreneko afaria egingo dute mozorroek.

Iñude eta Artzaien konpartsa, Ergobitik abiatuta

Baina Hernanin eta Goizuetan bakarrik ez, Astigarragan ere gozatuko dute Inauteri giroaz, gaur goizean eta eguerdian: Iñude eta Artzaien konpartsa aterako da, danborradarekin batera, 11:30etan Ergobiko plazan hasita. Dozenaka ofiziotako langileak irudikatuko dituzte herritarrek, garai bateko jantziekin; eta Astigarragako kaleetan barrena ibiliko dira, 13:00ak aldera Joseba Barandiaran plazara iristeko. Bertan emango diote bukaera, konpartsari.

GOIZUETAKO INAUTERIAK

Urtebeteko etenaldiaren ondoren, bueltan dira Inauteriak Goizuetan. Gaur hasiko dira, gaztetxoen Zahagi Dantzarekin, eta lau egun berezi dauzkate aurretik, gozatzeko.

GAUR, igandea

17:00, Gaztetxoen Zahagi Dantza

18:30, Garazi eta Gorka trikitilariak

21:00, Mozorroen afaria

BIHAR, astelehena

08:00, Mozorroen irteera baserrietara

10:00, Plazaren apainketa. Gaia: Akelarrea

11:30, Kalejira herrian zehar

13:00, Salda eta txorizo egosia

16:30, Pelikula: Lur eta Amets

18:00, Txokolatada

18:30, Garazi eta Gorka trikitilariak

Ilunabarrean, Mozorroen etorrera dultzaineroekin

22:00, Mozorroen afaria

ETZI, asteartea

09:00, Mozorroen gosaria

10:00, Mozorroak dantzan herriko kaleetan

14:30, Mozorroen bazkaria

17:30, Zahagi Dantza, Motzanetik hasita

19:00, Pantxo Balbuena mexikarra

22:00, Mozorroen afaria

MARTXOAK 5, larunbata

13:00, Poteoa, Igandea txarangarekin

14:30, Mozorroen bazkaria

17:30etatik aurrera, Igandea txaranga herrian zehar

Erlazionatuak

Hernaniko eta Astigarragako Inauteriak 2022

Kronika - Erredakzioa 2022 ots 27 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!