Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusiek Oarsoaldeko taldeen aurka jokatuko dute asteburu honetan. Inauteri astea berezia izaten da eta kirol talde askok atseden hartzen dute, baina hori ez da futbolaren kasua, maila askotan. Honela, gaur Hernanik, 16:30etan, Zubipen Touring talde errenteriarra hartuko du. Mundarroren txanda bihar izango da, 15:30etatik aurrera, Oiartzunen aurka jokatuko dute, Karla Lekuonan.
Ohorezko Erregional mailan Hernanik bolada txarrari amaiera eman nahi dio. Azken hilabetean, ez du partidurik irabazi eta horri buelta emateko asmoz aterako dira Zubipeko berdegunera. Ez da erraza izango, aurrean erronka benetan haundia izango baitu Hernanik. Touring denboraldiko liderra da eta denboraldi ezin hobea egiten ari da.
Iraupen fasea hasiko da, Preferente mailan
Fase erabakiorrean sartuko direnak, asteburuan, Preferente mailako bi taldeak izango dira. Mundarrok eta Hernanik iraupen fasean jokatuko dute eta multzo desberdinetan egokitu dira. Mundarrok bihar, Oiartzunen aurka, hasiko du fase berri hau, 15:30etan, Karla Lekuona futbol zelaian, hain zuzen.
Gaur, 16:30etan Hernaniren txanda izango da, Zizurkilen Danenaren aurka. Hernani hirugarren multzoan dago Urnieta, Danena, Zestoa eta Aretxabaletarekin. Mundarrok, berriz, Oiartzun, Idiazabal, Soraluze eta Ikasberri ditu aurkari 4garren multzoan. Jardunaldi bakoitzean talde batek atsedena izango du.
Aste honetan, nesken talde nagusiek atsedena dute eta ez dute partidurik jokatuko; ez Hernanik eta ez Mundarrok. Bai, aldiz, mutilen Jubenil Nazional taldeak. Hernaniko gazteek bihar, 17:00etan, Barakaldon jokatuko dute.