Urteroko zitari eutsiz, txotx denboraldiarekin batera, Bota bertsoa! bertso-paper lehiaketa txikia martxan du Dobera Euskara Elkarteak. VIII. edizioa da aurtengoa, eta «indarberrituta eta ilusio haundiz» antolatu dutela aitortu dute Doberako kideek. Izan ere, osasun egoera medio, joan den urtean formatu ezberdinean egin behar izan zen lehiaketa, bertsoak helbide elektroniko bidez bidalita. Aurten, ordea, orain arteko dinamikari helduko diote, eta, beraz, emailez bidaltzeko aukeraz gain, bertsoak sagardotegietan idazteko aukera ere egongo da.
«Berriro itzuliko balitz...»
Aurtengo gaiak, gainera, jokoa emango die sagardozale eta bertsozaleei: Berriro itzuliko balitz... Horixe da edizio honetarako aukeratutakoa. «Buruari eragin bazkaldu bitartean, eta lagunekin, familiakoekin edota bakarrik idatzi dezakezue bertsoa», aipatu dute.
Betiko moduan, sagardotegi guztietan egongo da idatzitako bertsoak uzteko kutxa. «Hortaz, egin beharrekoa da bertsoa osatu norberak nahi duen doinuan eta neurrian, izen-abizenak eta telefonoa jarri, eta papera kutxan sartu», aurreratu dute Doberako kideek. Horrez gain, aipatu moduan, bertsoa emailez aurkezteko aukera ere egongo da. Horretarako, identifikazio datuak jarri eta bidali bertsoa dobera@dobera.eus helbidera.
«Sari mordoa izango ditugu aurtengo edizioan ere»
Parte hartzeko epea martxoaren 27ra arte izango da, eta partehartzaileen artean sariak banatuko dira aurten ere. Ez dira nolanahikoak, gainera: beste hainbaten artean, jokoan izango dira bi lagunentzat otorduak, sagardo-kaxak, Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak, Reala eta Bartzelonaren aurkako partidurako sarrerak, eta beste asko. Doberakoek adierazi dutenez, sari banaketa, era berean, apirilaren 8an izango da, Atsegindegin, arratsaldeko 19:00etan.