Laguntza programa abian, Lanbidek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 26a, 00:00

Eskabide hau eskatzeko epea otsailaren 14an ireki zen, eta 2023ko maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Gipuzkoako Bazkundeak aditzera eman du trantsizio ekologikoan edo digitalean inbertsioak egin dituzten mikroenpresek edo autonomoek laguntza bat izango dutela enpleguari eusteko. Horretarako, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 5.000 eurorekin laguntzen ditu mikroenpresek trantsizio ekologikoan edo digitalean gutxienez 600 euroko inbertsioa egin dezaten. Eskabidea eskatzeko epea otsailaren 14an ireki zen eta 2023ko maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik. 

Laguntza horiek bideratuta daude 10 pertsona baino gutxiagoko mikroenpresentzat eta autonomoentzat: «baldin eta EAEn gutxienez lantoki bat badute eta haien negozio-bolumena bi milioi eurotik gorakoa ez bada». 

Laguntzak eskatzeko inbertsioak 2021eko urtarrilaren 1etik eskabidea aurkezten den egunera bitartean egin beharko direla ziurtatu du Gipuzkoako Bazkundeak. Halaber, dio, inbertsioaren gutxieneko zenbatekoa, diruz lagun daitezkeen bi lerroetako edozeinetan, 600 eurokoa dela, BEZik gabe. Laguntzaren zenbatekoa, berriz, 5.000 eurokoa izango da mikroenpresa edo autonomo enpresari indibidual onuradun bakoitzeko. Gainera, «onuradunek behin bakarrik jaso ahal izango dute dirulaguntza, programaren bi inbertsio-lerroetako batengatik». 

 

Trantsizio ekologikorako eta digitalerako, laguntzak

Trantsizio ekologikorako inbertsioen kasuan, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak baino ez direla egingo aipatu du Gipuzkoako Bazkundeak: «Energia ez-kutsatzaileak eta berriztagarriak instalatzea, energia aldetik eraginkorra den ekipamendua, klimatizazio-ekipo eraginkorrak, ingurumen-ziurtagiriak, ibilgailu elektrikoak edo hibrido entxufagarriak, ekonomia zirkularreko soluzioak edo biodibertsitatea leheneratzeko proiektuen ezarpena barne hartzen ditu». 

Beste laguntza lerroa, aldiz, trantsizio digitalari dagokio. Eta kasu honetan, inbertsioa honako hauetan egin behar izan da: ekipo informatikoak, aplikazio informatikoak eta softwarea, hari gabeko konektagarritasuna, merkaturatze-sistema abian jartzeko edo hobetzeko digitalizazioan, garapenean eta ezarpenenean aurrera egiteko soluzio teknologikoak ezartzea. 

 

Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak

Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak, ekintza eta mikroenpresak programa finantzatzeko laguntzak izeneko programek, helburu dute mikroenpresei eta langile autonomoei enplegua mantentzen laguntzea, Euskal Autonomia Erkidegoan trantsizio ekologiko eta digitala egiten lagunduz. Laguntza horiek onartu dira Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio kontseiluaren erabakien bidez, eta Europar Batasuna-NextGenerationEUk finantzatuko dituela azaldu dute. 

 

Laguntza jaso ezin duten enpresak, deialditik kanpo

Ezingo dute deialdi honetan araututako laguntzarik jaso Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren finantzaketatik kanpo dauden jarduera hauek garatzen dituzten enpresek: erregai fosilekin lotutakoek (geroagoko erabilera barne); isuri-eskubideen merkataritza-araubidearen (ETS) esparruko jarduerek, berotegi-efektuko gasen isuri proiektatuak doako esleipenerako ezarritako erreferentzia-balioak baino nabarmen txikiagoak ez badira; hondakinen zabortegien instalazioetan, tratamendu biologiko mekanikorako (MBT) instalazioetan edo hondakinen tratamendurako erraustegietan egindakoek; eta, azkenik, hondakinen epe luzerako ezabaketak ingurumenean epe luzera kalteak eragin ditzaketen jarduerek (adibidez, hondakin nuklearrek).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!