Jai giroan jarraituko du Urumea bailarak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 26a, 00:00

Zahagi Dantzako aurreneko puntua, joan den larunbatean, Aranon. Argazkia: Zomorroek utzitakoa.

Bihar goizeko 11:30etan aterako da Astigarragako Iñude eta artzaien konpartsa, Ergobiko plazatik. 

Aste honetan, mota guztietako jantziekin apaindu da Urumea bailara. Aranon, dagoeneko, amaitu dira inauteriak, izan ere, egun bakarreko egitaraua prestatu zuten, eta Zahagi Dantzak izan zuen herritarren artean protagonismoa. Aranon amaitu baziren ere, bailarako gainontzeko herriek hartu dute lekukoa, eta izango da zer ospatua asteburu honetan ere. 

Hernanin, joan den asteburuan Hernaniko Musika Bandak iragarri zituen inauteriak, eta, noski, jarraipena izan dute. Gaur, txistulari bandaren doinuek esnatuko dute herria, eta kale buelta egin ostean, Jaiki Hadi taldearen doinuek, Erromeria girotuko dute. San Joan konpartsak antolatutako ekintza hori Atsegindegin izango da, 12:00etan hasita. Arratsaldean, etxeko txikiek sudur gorriak ikusteko parada izango dute; Potx eta Lotx pailazoak Biteriko oholtza gainera igoko dira Kaleak bizirik emanaldia eskaintzera. Arratsaldeko 18:30etan, Iñigo Perurena DJarekin, herriko gaztetxoentzat dantza festa antolatu dute, Atsegindegin. Eta gaurko eguna borobiltzeko, Hernaniko Musika Bandak kontzertu tematikoa eskainiko du, udaletxeko arkupeetan. 

Biharko eguna Ttarla dantza taldearen konpartsaren irteerarekin hasiko da, eta eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera, Urbieta kalean. Eguerdiko tartea izango dute herritarrek nahi moduan bazkaldu eta igande ederra igarotzeko, izan ere, indarrak hartu beharko dira arratsalderako, Hernaniko Musika Eskolako trikitilariak kaleetan barrena ibiliko baitira trikitiak eta panderoak lagun, giro paregabea jarriz. Bihar, Trash!! emanaldiak emango dio amaiera igandeari. Etzi, ekintza gehiago izango dira, eta asteartean emango zaie amaiera Hernaniko inauteriei, sardinaren ehorzketarekin. 

Astigarragan, aurtengo inauteriak ospatzeko, egun bakarreko egitaraua prestatu dute, eta Iñude eta Artzaien konpartsa antolatu dute horretarako. Danborren doinuekin, Ergobiko plazatik abiatuko dira, goizeko 11:30etan. Astiko elkarteak antolatu du, eta aditzera eman dute partehartzea irekia dela; «garaiko jantziekin atonduta dagoen edonor atera daiteke, eta danborradan ateratzeko gutxienez 15 urte aurten betetzea eskatzen dugu». 

 

Goizuetan, bihartik aurrera 

Bihar emanen diete hasiera inauteriei goizuetarrek arratsaldean eginen duten Zahagi Dantzarekin. Bertan parte hartuko dute herriko txikiek, eta arratsaldean, Garazi Erbitiren eta Gorka Arraiagoren ahotsek goizuetarrak kantuan jarriko dituzte,  18:30etan hasita. Gauean, herritarrak mozorrotuta, afari baten bueltan bilduko dira, eta igandea kantuan amaituko dute. Etzi goiz esnatuko da Goizueta, izan ere, 08:00etan, mozorroen irteera eginen dute baserrietara, eta eguneko gaia akelarrea izanen dela adierazi dute antolatzaileek. Arratsaldean, berriro Garaziren eta Gorkaren ahotsek herria goxatuko dute, eta ilunabarrean mozorroen etorrera eginen dute. Astearterako ere egitarau oparoa prestatu dute, goizeko mozorroen irteerarekin hasiko dute eguna eta afari batekin emanen diote amaiera astearteari.

Martxoaren 5ean, Kontun Eguna ospatuko dute eta eguerdiko 12:30etan emango zaio hasiera mozorroen poteoarekin, Igandea txarangak lagunduta. Herritarrak mozorroturik, denek batera bazkaldu, eta arratsaldean berriro ere Igandea txarangarekin dantzan jarraitzeko parada izanen dute.

Erlazionatuak

Aranoko inauteriak

Kronika - Erredakzioa 2022 ots 24 Arano

Inauteriak 2022, desfilea

Kronika - Erredakzioa 2022 ots 25 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!