Greba Osakidetzan, gaur eta astelehenean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 25a, 00:00

Gaur lehen arretan izango da lanuztea eta bihar manifestazioa izango da Donostian, 12:00etan.

ATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deituta, bi greba egun izango dituzte gaur eta astelehenean Osakidetzan: gaur lehen arretan izango da lanuztea, eta astelehenean, berriz, Osakidetza osoan. Bi greba egunen artean, asteburua baliatuko dute protesta herritarrengana zabaltzeko: bihar, larunbatarekin, manifestazioak antolatuko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, 12:00etan, osasungintza publikoaren defentsan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren «immobilismoa» ikusita, mobilizazioetara joko dute berriro sindikatuek.

SATSEko Amaia Mayorrek eta ELAko Esther Saavedrak adierazi zutenez, urtarrilaren 23an hiriburuetan egindako mobilizazio jendetsuen ondoren, Jaurlaritzak «ez du irtenbide bakar bat ere planteatu, eta, murrizketa gehiago egin ditu», adibide gisa jarri dute Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiak itxi izana. «COVID-19aren krisiak larriagotu egin ditu lehen zeuden egiturazko arazoak», berretsi dute.

 

«Mahai sektorialean ez dugu parte hartuko»

Baina, mobilizazioetara deitzeaz gain, sindikatuek erabaki dute mahai sektorialean planto egitea. Izan ere, salatu dute Osasun Sailak «edukiz hustu» duela espazio hori: «Aspalditik, informazioa emateko esparrua baino ez da. Bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu landu beharreko gaiak eta edukiak». Hala, ohartarazi dute, ez dutela mahai sektorialean berriro parte hartuko, «benetako negoziazioa planteatu» arte. «Gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa da. Lan zentroetako egoera, gero eta prekarioagoa da, eta Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!