Inauterietako kalejira gaur, Hernani Musika Eskolak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 00:00

Kaxkoan barrena kale buelta egingo dute ikasleek, arratsaldeko 18:30etan hasita. Bihar, musika eta pelota.

Aurreko asteburuan hasi ziren Inauteriak, Urumea bailaran. Larunbatekoa izan zuten egun haundia Aranon, puska biltzearekin eta Zahagi Dantzarekin.

Hernanin, berriz, Elur Txorik kaldereroen konpartsa bertan behera utzi zuen arren, zartagiak eta mailuak hartuta atera ziren kalera herritar ugari, larunbatean; eta Inauterietako kontzertua eskaini zuen Hernaniko Musika Bandak, igandean.

Eta hiru eguneko atsedenaren ondoren, gaur izango dira bueltan Inauterietako ekintzak, Hernani Musika Eskolak egingo duen kalejirarekin. 18:30etan abiatuta, Kaxkoko kaleetan barrena ibiliko dira ikasleak, arratsaldea girotzen.

Bihar, berriz, Inauteri Festa egingo dute Hernaniko Gaztelekuan, 17:30etatik aurrera. Eta ordu berean, DJ Porru 3.0 musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute Atsegindegin, haurrentzat. Iluntzean, berriz, pelota partiduak izango dira kiroldegan, 19:30etan: afizionatu mailako esku pelota partiduak, eta pala partidu mistoak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!