Hiru domina lortu zituzten CD Hernaniko atletek, gazteen Gipuzkoako Txapelketetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 00:00

Urrezko domina lortu zuen Mikel Camposek, 400 metroko proban.

Podiumera igotzea lortu zuten Mikel Camposek, Iune Iturriak eta Gaizka Izagirrek, Donostian, Anoetako belodromoan.

Joan den larunbatean jokatu ziren Donostian, Anoetako belodromoan, gazteen pista estaliko Gipuzkoako Txapelketak. Hiru kategoriatako atletak aritu ziren (20, 18 eta 16 urtez azpikoak), eta CD Hernani taldeko 12 kide izan ziren bertan. Horien artean, hiruk lortu zuten podiumera igotzea, proba ezberdinetan.

Gipuzkoako txapeldun izan zen Mikel Campos, 400 metroko proban, 18 urtez azpikoetan. Denbora bikaina markatu zuen Camposek (52,18 segundu), eta ia bi segunduren aldearekin nagusitu zen, urrezko domina kolkoratzeko. Iune Iturriak, berriz, zilarrezko domina lortu zuen jauzi hirukoitzean, 18 urtez azpikoetan. 9,92 metroko jauzia eginda, urrezkoa lortzetik 19 zentimetrora geratu zen Iturria. Eta azkenik, 1.500 metroko proban, brontzezko domina kolkoratu zuen Gaizka Izagirrek, 20 urtez azpikoetan. 4:21,09 denboran osatu zuen proba, hernaniarrak.
 

Lezo-Jaizkibelen, bailarako dozena bat korrikalari

Bestelako lasterketetan ere aritu dira bailarako korrikalariak, asteburuan. Igandean, esaterako, Lezo-Jaizkibel mendi lasterketan aritu ziren dozena bat urumear. Elkarrengandik gertu xamar iritsi ziren aurreneko lauak: Josu Artola (41garren, 1:22:11) astigartarra, eta Jon Murua (1:23:10), Oskar Gaskon (1:23:55) eta Xuban Iturrioz (1:24:31) hernaniarrak. Gainera, emakumezkoetan 10garren sailkatu zen Libe Lafuente astigartarra (1:31:33).

Eta Irungo Maratoi Erdian, azkenik, bailarako beste dozena bat korrikalari aritu ziren. Ibon Iriondo (53garren, 1:22:48), Dennis Sorondo (1:24:12) eta Ivan Sorondo (1:24:13) hernaniarrak izan ziren azkarrenak, horien artean. Eva Esnaola (1:49:37) hirugarren izan zen, bere kategorian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!