400 euroko saria, gidabaimena euskeraz prestatu eta lortu zutenentzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 23a, 00:00

Buruntzaldeako udaletako ordezkariak, zozketa ekitaldian, Andoainen.

Zozketan, saridun izan dira Aimar Lizarribar, Itxaso Aizpurua, Uraitz Berrostaran eta Oier Aranburu

Gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz ikastea eta azterketa euskeraz egitea bultzatzeko asmoz, Buruntzaldeako sei udalek egitasmo bateratua jarri dute martxan aurten ere, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan. 

Egitasmoaren helburua da «euskeraren erabilera sustatzea eremu guztietan». Hori horrela, pizgarri gisa, azterketa gainditzen duten Buruntzaldeako ikasleen artean 400 euroko sariak zozketatzen dituzte, herri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua aintzat hartuta. 

 

Lau saridun, Astigarragako eta Hernaniko autoeskoletan

Herenegun izan zen joan den urteko ikasleen arteko zozketa, Andoaingo udaletxean, eta, denera, 9 sari zozketatu zituzten. Aurten, saria jaso dute Astigarragako eta Hernaniko autoeskoletako lau ikaslek: Astigarragan, Aimar Lizarribar Imazek; eta, Hernanin, Itxaso Aizpurua Altunak, Uraitz Berrostaran Tovarrek eta Oier Aranburu Gorosteguik.  

Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Alexander Huitzi eta Oier Agirresarobe Andoaingo zein Hernaniko euskera zinegotziak. Ekimenaren gaineko azalpenez gain, balantzea ere egin zuten. Azaldu zutenez, 12 urte pasa dira proiektua martxan jarri zenetik, eta urte horietan guztietan 1.192 pertsonak lortu dute gidabaimena euskeraz ateratzea. Horregatik, ekimena egiten ari den bidearekin gustura zeudela aipatu zuten. Hori bai, 2020tik hona, pandemiaz geroztik, kopurua jaitsi zela nabarmendu zuten. Gainera, argi utzi zuten «ezinbestekoa» dela belaunaldi gazteei jarduera hau euskeraz eskaintzen jarraitzea. Zentzu horretan, autoeskolen inplikazioa eta ahalegina eskertu zuten, «prestatzaileentzat erronka haundia baita lanketa guztia egitea». Izan ere, zinegotzien esanetan, bide luzea dago egiteko oraindik: «terminologia bateratua sortzea eta kalitatezko azterketa ereduak egitea, besteak beste».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!