Ekitaldi berezia izan zen otsailaren 13an, Antxokoetxolan, Arlegor mendiaren magalean. Ahaztuen Basoa deitu dutena egokitu zuten bertan, behar bereziak dituzten haurrentzat, Aurrera Markelekin elkarteak bultzatuta, eta Urnietako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, inguruko abeltzainen eta Kemen pertsona ezinduen kirol klubaren laguntzarekin.
Gune irisgarri bat prestatu dute, haur horiekin naturarekin harremanetan egoteko eta naturaz gozatzeko aukera izan dezaten. Hain justu, Montefriotik Arlegor aldera igotzen den pistaren ondoan dago basoa.
Bertan, gaixo zeuden pinuak moztu dituzte, eta zuhaitz autoktono berriak landatu. Bakoitzak, behar bereziak dituen haur bat ordezkatuko dute, eta hala adieraziko dute, urdinez, gorriz eta txuriz margotutako makil batekin, eta haurraren izenarekin. Hildako haurrak ere izango dituzte gogoan, ahaztuen basoan. Haien oroimenez, makil txuriak jarriko dituzte zuhaitz berrien ondoan, haurren izenekin. Otsailaren 13ko ekitaldian, Markeli eskainitako zuhaitza landatu eta makil trikolorea jarri zuten haren senideek; eta aldiz, makil txuria jarri zuten Nerearen gurasoek, haren oroimenezko zuhaitzaren ondoan.