Pleno luzeak izango dira gaur, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da Hernanikoa, eta 19:00etan Astigarragakoa. Puntu ugari dauzkate lantzeko.

Hileko azkeneko asteartea izanik, gaur bilduko dira Hernaniko eta Astigarragako Udaletako Plenoak, ohiko deialdian. Eta luzeak izango dira bi bilkurak, gai zerrendaren arabera.

Arratsaldeko 18:00etan izango da Hernanikoa, udaletxeko pleno aretoan; eta 13 puntu izango dituzte lantzeko, lau udal taldeetako ordezkariek. Zerga ordenantzetan aldaketak egiteari buruzkoak izango dira puntu gehienak. Aurrena, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren ordenantza fiskalaren aldaketa. Ondoren, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordenantzarena, energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemen inguruko zergen hobariei eta karga tasei dagokienean. Eta azkenik, lau aldaketa, zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko tasen ordenantza fiskalean.

Ondoren, aldaketa bat egitea proposatu eta eztabaidatuko dute, baita ere, Udalak zuzeneko erregimenean ematen dituen dirulaguntzetan. Udal langile batek egindako bateragarritasun eskaera ere landuko dute Plenoan. Eta azkenik, bi mozio eztabaidatuko dituzte. Aurrenekoa, PSE-EE udal taldeak aurkeztu du, Kaxkoko zuntz optikoari buruzkoa. Eta bigarrena, EH Bilduk aurkeztu duena, telekomunikazio azpiegiturak hobetzearen alde.

 

Gai garrantzitsuak, Astigarragako Plenoan

Ordubete beranduago hasiko da Plenoa, 19:00etan, Astigarragako udaletxeko areto nagusian. 10 puntu izango dituzte lantzeko, eta garrantzitsuak izango dira horietako hainbat.

Hasteko, ariko dira otsailaren 6an egin zen galdeketaz, Sagardoetxearen etorkizunari bu­­ruzkoa. Ondoren, hasierako onar­pena emango diote 2022ko zerga fiskalen aldaketari. Eta segidan, bi ordenantzatan alda­ketak egitea landuko dute: merkataritza lokalak etxebizitza bi­hurtzeko ordenantzan; eta udal etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantzan.

Udalaren eta Gipuzkoako Fo­ru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmenaz ere ariko dira, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko. Eta hain justu, zerbitzu horren kontratua luzatzeari buruzkoa izango da hurrengo puntua. Beste kontratu bat luzatzeko proposamena ere bozkatuko dute Plenoan: babestutako etxebizitzetako erabiltzaileentzat laguntza zerbitzua ematekoa. Eta azkenik, adierazpen instituzionala proposatuko dute, martxoaren 8aren inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!