«Txotx garaian dena ez da libre; herri seguruak nahi ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Udaletako eta eragile ezberdinetako ordezkariak, atzo, Gurutzeta sagardotegian egin zuten aurkezpenean.

Jarrera matxista eta arrazisten kontrako kanpaina aurkeztu dute Astigarragako eta Hernaniko Udalek, beste hainbat eragilerekin.

Martxan da txotx denboraldia, iazkoa baino normaltasun gehiagorekin. Eta horregatik, eraso matxistak eta arrazistak prebenitzeko kanpainak jarri dituzte abian, Astigarragako eta Hernaniko Udalek, beste hainbat eragilerekin batera. «Ez genekien zein dimentsio hartuko zuen txotx denboraldiak, baina ikusten ari gara pandemiaren aurrekoen maila hartzen ari dela, eta horregatik ikusi dugu prebentzio kanpainaren beharra», azaldu zuten atzo, Gurutzeta sagardotegian egin zuten aurkezpenean.

Bertan izan ziren, kanpainan parte hartu duten eragileen ordezkariak: bi udaletako berdintasun zinegotziak eta teknikariak, Astigarragako Emakumeen Etxeko eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako kideak, Astigarragako Gazte Asanbladakoak, Hernaniko Gaztelekukoak, Amher elkartekoak, Iparragirre eta Gurutzeta sagardotegietakoak, eta Apeadero, Ekos eta Ikatza tabernetakoak, azkeneko bostak beraien sektoreen ordezkari gisa. Izan ere, aurten sagardogileek, jatetxeek eta komertzioek ere hartuko dute parte kanpainan: «beraiek dira txotx denboraldiaren barruan eragile inplikatuak, eta egoera horiek mozteko eta salatzeko laguntza haundia eman dezakete». Horregatik, uste dute «ezinbestekoa» dela haien inplikazioa eta sentsibilizazioa, kanpaina honetan.

Kanpaina bana osatu dute bi Udalek, baina adierazi dute, funtsean helburu bera dutela biek: «indarkeriak ez du etenik, eta guztiok dugu ardura, jendarte justuago, bizigarriago eta berdinzaleago bat eraikitzerako orduan. Tinko adierazi behar dugu ez dugula onartzen emakume­en­ganako, LGTB+ pertsonengana­ko nahiz arrazializatutako edota migratutako pertsonen kontrako erasorik», nabarmendu zuten atzo, aurkezpenean, bi udaletako berdintasun zinegotziek.


Erasoen kontrako guneak, larunbatero bi herrietan

Bi herrietako kanpainek, hiru zu­tabe izango dituzte. Batetik, protokoloak sortu dituzte, hainbat motatako erasoen aurrean; eta herriko taberna eta sagardotegien esku jarri dituzte. Bestetik, eraso matxisten prebentziorako kartelak jarriko dituzte bi herrietan. Eta azkenik, erasoen kon­trako guneak jarriko dituzte, larunbat arratsaldetan, txotx denboraldia bukatu bitartean. Astigarragan, Kale Nagusian egongo da, 18:00etatik 21:00etara; eta Hernanin, Tilosetan jarriko dute, 18:00etatik 22:00etara. 

Bukatzeko, nabarmendu zuten «guztion inplikazioa» oso garrantzitsua dela: «Astigarraga eta Hernani herri seguruak izatea nahi badugu, erne egon behar dugu guztiok. Jarrera eta eraso matxistei erantzun behar zaie, eta erasotuei laguntza eman, eskatzen dutenean. Dena ez da libre txotx garaian, herri seguruak nahi ditugu, eta ez dugu eraso matxistarik eta arrazistarik onartuko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!