Jon Jara eta Unax Manterola trinketeko finalera sailkatu dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Linares eta Gurutzealdek Eple1en aurkako garaipenarekin bigarren amaitu dute lehenengo fasea eta finalera sartzeko pausoa eman dute.

Esku pelotan Hernani eta Astigarragako pelotariek ez dituzte lortu emaitza esanguratsurik. C.D.Hernaniko pelotariek «emaitza txarrak lortu dituzte», sei garaipen eta 12 porrot izan da jardunaldiko azken balantzea.

Dena den, hiru garaipen garrantzitsu lortu dira asteburuan. Emaitza onenak trinketean lortu dira. Linares-Gurutzealde bikoteak Epleren kontra 36-40 irabazi zuten binakako Gipuzkoako nagusien txapelketan. Bigarren amaitu du aurreneko fasea bikote astigartarrak eta finalera sartzeko aukerak mantentzen dituzte. 

Unax Manterola eta Jon Jara jubenilek ere garaipen ona lortu zuten, Intza taldeko Diez de Garaño eta Urdanpilletari 17-40 irabazi eta gero. Lehenengo faseko azken partidua irabazita, zuzenean sartu dira finalera, Hernaniko jubenilak.

Azpimarragarria, Jon Jara eta Unai Etxarrik ere, ezker horman, Elizondoko torneoan lortutako hirugarren garaipena. Buruzgain taldeko Martikorena-Garañoren aurka 18-14 irabazi zuten igandean eta emaitza honekin, fase finala jokatzeko sailkatu dira Hernaniko jubenilak. Jon Jarak bi partidu garrantzitsu zituen asteburuan eta biak aurrera atera ditu, joko ona erakutsita, bi espezialitate ezberdinetan.

 

Labaka-Cisnerosek promozioa jokatu beharko dute

Emaitzarik onenak eta txarrenak ere trinketean izan ziren. Ekaitz Cisneros eta Iñigo Labaka seniorrek 40-31 galdu zuten Azpiroz-Chaiapusoren (Eple) aurka eta porrot honekin ezin izan dute saihestu promoziozko partidua. Bigarren Mailako txapeldunordearen aurka martxoaren 13an jokatu beharko dute maila ez galtzeko partidua.
Oier Arsuagak Zizurko txapelketako final-laurdenetan izandako porrota ere mingarria izan zen. 16-5 galdu zuen Landaren (Lapke) aurka, txapela irabazteko faborito nagusia, baina porrot honek ez du pelotari hernaniarrak jokatu duen txapelketa ona zapuzten.
k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!