«Harrera familiak behar dira Txernobylgo istripuaren ondorioz kaltetuak izan diren adingabeentzat»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Ukrainako haurrak Gabonetan Euskal Herrira etorri zirenekoa.

Udan Txernobylgo haur bat etxean hartu nahi duenak, izena emateko aukera du martxoaren 15era arte. Idoia Fernández Chernobilen Lagunak elkarteko boluntarioarekin eta batzordekidearekin jardun du Kronikak. 

Chernobilen Lagunak elkarteak, Eman arnasa kanpainaren bidez Ukrainako haurrak Euskal Herrira ekartzen ditu, Txernobylgo istripuagatik kaltetuak izan diren adingabeen osasuna hobetzeko, eta horretarako harrera familiak behar dituzte. 

Urte batzuk daramazki Chernobilen Lagunak elkarteak honetan lanean. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Gipuzkoako familia bolondresek osatzen dute batik bat. Elkartea osatzen duten familia hauek argi dute helburua: «Txernobylgo zentral nuklearrean (Ukraina) 1986an izandako istripuagatik kaltetuak izan diren adingabeen osasuna hobetzen laguntzea».

1997az geroztik, Chernobilen Lagunak Doviria (Ivankiv, Ukraina) gizarte-zentroarekin elkarlanean ari da. Txernobyletik 50 kilometro baino gutxiagora dagoen eremuan, familiekin bizi diren 7 eta 17 urte bitarteko adingabeentzako aldi baterako zaintza-programa bat antolatzen dute elkarlanean. Urtero, elkarteak gehienez 50 adingabe ekartzen ditu Gipuzkoara. Elkartearen zeregin guztiak bazkide diren familiek egiten dituzte, bolondres gisa. Horrez gain, Chernobilen Lagunak elkarteak, beste hainbat arlotan ere jarduten du, hala nola, Foru Aldundiak eta Ukrainako gobernuak adingabeen zaintza formalizatzeko eskatzen dituzten dokumentu guztiak bildu eta gauzatzen dituzte. «Asko dira izapidetu behar ditugun paperak»; familia berriei aholkuak ematen dizkiete, «familia bazkide guztiak artatzen ditugu; harremanetan gaude»; Adingabeen bidaia (Ukrainara joan-etorria) eta bidaiarako laguntza prestatzen dituzte; Haien egonaldia gainbegiratzen dute, «familiei laguntzen diegu eta sortzen den edozein arazotan laguntzen dugu»; familia berriak erakartzeko kanpainak egiten dituzte, izan ere, «zaintza familiak baino adingabe gehiago daude»; beste elkarte, erakunde, komunikabide, ikastetxe eta enpresa batzuekin batera, ekitaldietan, azoketan, ekimenetan eta abarretan hartzen dute parte, eta hau aprobetxatuz, Txernobylen inguruko errealitatea zabaltzen du elkarteak; azkenik, hondamendi nuklearraz geroztik kaltetutako eremua denez, «gazte horiek bizitzaren, beste hizkuntzen eta kulturen ikuspegi zabalaz elikatzen dira, etorkizun hobea izateko gaitasuna areagotuz»

 
Uztailean eta abuztuan, harrera

Aipatu moduan, Eman arnasa kanpainak, Txernobylgo adingabeak Euskal Herrira ekartzeko xedearekin sortu zen, haien osasuna hobetze aldera. Beraz, harrera familiak behar dira, bolondres gisa, uztaila eta abuztuan Ukrainako adingabeak etxean hartzeko. Chernobilen Lagunak elkartearen arabera, data hauetan, hau da, udan, Ukrainan ematen diren tenperatura altuen ondorioz «erradioaktibitatea gehienezko kutsadurara heltzen da» . Eta horrexegatik elkarteak adingabeak hartzeko jarrera plan bat garatzen du, data hauetarako. 

Chernobilen Lagunak elkarteak dio, Osasunerako Mundu Elkarteak egiaztatu duela, adingabe hauek, eremutik kanpo pasatzen duten hilabete bakoitzeko, bizi itxaropena luzatu egiten zaiela: «12 eta 18 hilabete haundituz». Eta noski, haurren erradioaktibitate maila ere jaitsi egiten da:» %30 eta %40 artean murriztu daiteke. Gainera programan parte hartzen duten adingabe gehienek ez dute argi ageri den gaixotasunik, normaltasunez garatzen dute beren bizitza eta ez dute tratamendu medikurik behar. Hala ere, bere sistema immunologikoa ahulduta dago». 

Euskal Herrira ekartzeak hainbat eragin positibo ditu adingabeengan, hala nola, elikadura osasuntsu eta askotarikoa jasota, «aukera ematen die defentsak haunditzeko eta bere herrialdeko negu gogorrei aurre egiteko. Egonaldian, osasun-azterketak egiten zaizkie izan dezaketen edozein arazo espezifiko hautemateko». 

Chernobilen Lagunak elkarteak hartzen ditu 7 eta 17 urte bitarteko haur eta gaztetxoak. «Haien familiekin bizi dira Ivankiv izeneko landa-eremu batean, Oblasten edo Kieveko probintzian. Eremua gainera, zentral nuklearretik 50 kilometro baino gutxiagora dago».

Eman arnasa kanpainak, harrera familiak behar ditu, eta ez da profil espezifikorik behar haurrak etxean hartzeko. Adingabekoari egoera «afektibo egonkorra eta familia ingurunea eskaini ahal izatea» besterik ez dela behar ziurtatu du Chernobilen Lagunak elkarteak. Horrez gain, haurra zaintzeko eta artatzeko denbora izatea oso garrantzitsua dela ere azpimarratu du irabazi asmorik gabeko elkarteak, eta horrez gain, honakoa gehitu du: «errealitate ezberdinetik datozela ulertzeko malgutasuna izatea ezinbestekoa da, eta noski, maitasuna eta sen ona». Behin adingabe bat etxean hartzeko erabakia hartzen bada, elkarrizketa baten ondoren eta harrera eskaera onartu ondoren, eskatutako dokumentazioa beteko da. Eta Chernobilen Lagunak Elkarteak uneoro emango  du laguntza eta aholkularitza. 

 
Haurrak udan hartzeko, martxoaren 15era arte, izena emateko aukera dago

Martxoaren 15ean amaituko da izena emateko epea, udan haurrak hartzeko interesa duten pertsonentzat, eta horretarako, deitu  689 586 277 telefonora  edo esteka honetako galdetegia bete: https://chernobilenlagunak.org/eu/harremana/.

 

Haien lurraldetik haratago, errealitatea ezagutuz

Idoia Fernándezek azpimarratzen duenez, «esperientzia polita da, baina gogorra».

«Oso esperientzia aberasgarria da bi aldeetatik; bai hemengo familientzat, bai eta etortzen diren haurrentzat. Azkenean ,etortzen diren adingabeek asko ematen digute. Esperientzia oso polita da, baina aldi berean gogorra da, ez baita dena erraza. Umea hauek errealitate bortitz batetik datoz. Haur hauek erradioaktibitate haundia izaten dute, eta batez ere udan, hango tenperaturak oso altuak direnez, erradioaktibitate hau asko igotzen da. Orduan Euskal Herrian  40 egun pasatzen dituzte, eta ikerketek diote bizitza itxaropena luzatu egiten zaiela. Esan beharra dut, ez direla kutsatutako umeak, bizi diren eremua dago kutsatuta, baina beraiek ez, hala ere, haien osasuna asko hobetzen da hona etortzen direnean, eta guk elkartetik hori lortu nahi dugu. 

Txernobyleko haurrak hartzen dituzten familiak oso gustura daude, beti aipatzen dute oso positiboa dela harrera. Etortzen diren txikiek eta gaztetxoek, hona etorrita ikusten dute badagoela beraientzako ere beste bizimodu bat, beste errealitate bat. Begiak asko irekitzen dizkie esperientzia honek».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!