Hernanik eta Mundarrok garaipena, Urolaren eta Oriokoren aurka

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Amaia Ubide hernaniarraren jaurtiketa, igandeko norgehiagokan.

Berdeek 5-0 irabazi zuten Zubipen, eta moreak 3-1 gailendu ziren Erregional Preferentean. 

Asteburu gazi-gozoa izan da bailarako futbol taldeentzat. Izan ere, denetariko emaitzak izan dira jardunaldi honetan. Talde nagusiei dagokienez, Ohorezko Erregional mailan, nesken taldea 5-0 gailendu zen Urolaren aurkako norgehiagokan. Erregional Prefentean, berriz, Mundarroko neskek 3-1 garaitu zuten Orioko eta mutilek, aldiz, 0-1 irabazi zuten Urnietaren aurka. 

Hernaniren kasuan, gainerako taldeek porrotak jaso dituzte asteburuan. Ohorezko Erregional mailan, mutilen taldeak 4-1 galdu zuen Mondragonen aurka. Jubenilen Liga Nazionalean, berriz, hernaniarrek 0-1 galdu zuten Bizkaian, Leioaren aurka. 

 Mundarro garaile, Urnietan 

Astigartarrak bikain aritu dira asteburu honetan, eta Erregional Preferentean, talde nagusiek bi norgehiagokatik bi irabazi dituzte. Neskek Orioko izan zuten aurrez aurre, Zarkumendegin, eta etxekoak nagusi izan ziren, 3-1 irabazita. 

Mutilen taldeak ere garaipena lortu zuen Urnietan, 0-1eko emaitzarekin. Lehen faseko azken partidua jokatu zuten moreek, eta hasieran kosta egin zitzaien zelaian ondo kokatzea. Nolanahi ere, minutuek aurrera egin ahala, segurtasunez aritzea lortu zuten, eta horrelaxe heldu zen Mikel Mendibururen gola. 

Atsedenalditik bueltan, bigarrena egin zuten astigartarrek, baina marrazainak baliogabetu egin zuen eta markagailua bere horretan gelditu zen. Gutxinaka, etxekoek gehiago estutu zuten erritmoa berdinketa lortu nahian, eta aukera garbiak izan ez bazituzten ere, moreen zelaian sartu eta azken minutura arte borrokatu zuten urnietarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!