Elkarlan eta interkooperazio eremuak indartzeko ekintzak aurkeztu dituzte Beterri Saretuz sarean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 20a, 00:00

Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile biltzen dituen ekimenak aurkeztu zituen ostegunean bere ekintza plana eta helburuak.

Pasa den ostegunean Usurbilen, Beterri Saretuz ekimenak komunikazio taldeko aurtengo ekintza plana aurkeztu zuen eta batez ere kanpo komunikazioa indartuko zela adierazi zen bertan. Hezkuntza eta enpresen arteko elkarlana sustatzeko ekintza plana ere azaldu zen. Hezkuntza zentroekin elkarlanean arituko dira. Beterri Saretuz sarearen baitan elkarlan eta interkooperazio eremuak indartzeko ekintzak ere aurkeztu zituzten Usurbilen.

Parte hartzean oinarritutako enpresa ekosistema baterantz joateko urrats gehiago emango dituzte aurten. Interkooperazio praktikak martxan jarri nahi dituzte eta ekintzarako unea dela azpimarratu zen. 

 

«Izena eta izana berretsi dugu»

Azken urteetan sareari berari forma ematen aritu dira, elkar ezagutuz, «batzen gaituzten ezaugarriak topatuz eta batera egin nahi duguna zehaztuz. Talde dinamika baten bidez izena eta izana berretsi dugu», nabarmendu zuten Beterri Saretuz ekimeneko partaide eta sustatzaileek.

Ekintza plana eta aurtengo helburuak aurkezteaz gain, dekalogo bat osatzeko zirriborro-proposamena ere jaso zuten parte-hartzaileek, eta esperientziak partekatzen jarraituko dute, Beterri-Buruntzako ekonomi eraldatzailearen bidez lurralde-ekonomian eta jendartean bestelako balio batzuen bidez eragiteko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!